Jon Bilbao Katedrea martxan dago Nevada-Renoko Unibersidadean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 2a, 00:00

Etxepare Euskal Institutuak Jon Bilbao Katedra barria sortu dau AEBetako Nevada-Renoko Unibersidadean, eta eta Pedro J. Oiarzabal doktore eta Deustuko Unibersidadeko ikertzailea izango da arduraduna. New York, Chicago, Frankfurt eta Liverpool urietako unibersidadeetako katedretan aurten egingo diran egitasmoak be azaldu zituen Etxepareko arduradunek.

Prentsaurrekoan emon eben honen guztiaren barri Aizpea Goenaga Etxepareko buruak, Mari Jose Olaziregi Euskerearen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendariak, Jose Antonio Rodriguez Ranz Deustuko Unibersidadeko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultadeko dekanoak, Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoan dan Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, Pedro J. Oiarzabal ikertzaileak eta Jose Javier Pardo Deustuko Unibersidadeko Irakasleentzako eta Izaera eta Misinoko errektoreordeak.

Katedretan danetariko gaiak aztertuko dituela azaldu eben, euskerea sustatzeko politikak, Chillidaren eskulturea, oroimen historikoa euskal literaturan, euskal erbesteari buruzko ikerketak eta abar. Jon Bilbao Katedra Etxeparek martxan ipinitako bosgarrena da. Hain zuzen be, Jon Bilbao historialari, bibliografo eta Renoko Unibersidadeko Euskal Ikasketa Liburutegiaren eragilea izan zanaren jaiotzearen ehungarren urteurrenean sortu da.

Eusko-bibliographia: diccionario de bibliografía vasca lanaren gidaria, unibersidadeko irakaslea, eta euskal abertzale aktiboa izan zana omendu gura dau Etxeparek katedreari bere izena ipiniz. Euskal diasporeari eta euskal kultureari buruzko ikerketa eta ezagutza nazinoartean sustatzea izango dau helburu.

Pedro J. Oiarzabal ikerlaria arduratuko da katedra barriaren lehenengo egitasmoaz, Memoria Bizia: euskal diasporaren oinordetza biziari buruzko proiektua, 2014-16. Amerikatekoa Estadu Batuak eta Kanada. Etxeparez aparte, Eusko Jaurlaritzeak, North American Basque Organizations (NABO) erakundeak eta Deustuko Unibersidadeak sustatu dabe ekimena.


Ganerako katedretako egitasmoak

Ipar Ameriketan euskal ikasketak zabaltzea xede dauen Koldo Mitxelena Katedreak (University of Chicago) euskerearen suspertzea izango dau ardatz, eta euskera sustatzeko izan diran hizkuntza politikak eta hizkuntza planak aztertuko ditu aurten, EHUko katedradun Miren Azkarate irakaslearen ardurapean, maiatzaren 5etik bagilaren 7ra.

Eduardo Chillida Katedrea (Goethe Universität, Frankfurt) euskal arteari buruzko irakaskuntza bultzatzeko sortu zan, eta Jonathan Wood Henry Moore Institutuko Proiektu koordinatzaile eta Leedseko Unibersidadeko irakasleari eskaini deutso aurtengo programaren zuzendaritzea. Chillidaren lana hartuko dau abiapuntu, eskultura garaikidea eta lekuak eta espazioak aztergau izango dituan programan. Mintegi bi eta berbaldi edegi bi bat emongo ditu, maiatzaren 8tik bagilaren 27ra.

Bernardo Atxaga Katedreak (City University of New York) euskal literatura eta hizkuntzalaritzearen inguruan ikerketa eta ezagutza sustatzen ditu. EHUko irakasle Iñaki Aldekoak eskaniko dau aurtengo programea (urriak 6-10), Mari Jose Olaziregiren laguntzinoagaz. Lehenaldia gogoratzeak azken lau hamakadetako euskal literaturan izan dauen eragina izango dabe ikergai.

Eta, Manuel Irujo Katedreari jagokonez (University of Liverpool), euskal erbestearen ganeko ikerketea eta irakaskuntzea sustatu nahi dituan Fellowship programa 2014-2015 ikasturtean hasiko da. Xabier Irujo Center for Basque Studies zentroko irakaslea izango da irakasle konbidaua. Manuel Irujo zenari buruzko ikerketa bultzatuko dau, 2015eko zezeiletik aurrera, eta eskolak emongo deutsiez ikasle graduaduei.

Osorik irakurri