Zabalik dago 26. Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketan izena emoteko epea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 3a, 00:00

Bilboko Udalak martxan ipini barri dau Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketearen 26. edizinoa. Izena emoteko epea edegi dabe, eta maiatzaren 15ean zarratuko da. Taldekideek 18 eta 35 urte bitartekoa adina izan behar dabe, baina aurten barrikuntza bat dago, bandeak kide bi edo gehiago baditu, batek 35 urte baino gehiago euki leikez.

Eskabideak www.bilbao.net/bilborock web orriaren bidez egin behar dira, eta ondokoak bialdu behar dira, ganera: hiru kanta, mp3, ogg edo wma formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; eta taldearen ibilbidea doc, docx, odt edo pdf formatuan.

Antolatzaileek jakinarazo dabenez, talde parte-hartzaileek baldintza batzuk bete behar ditue, besteak beste, Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketearen aurreko edizinoetako edozein modalidadetan lehenengo saria irabazi ez izana eta konposizinoak jatorrizkoak izatea. Hiru modalidade ditu lehiaketeak: Pop Rocka, Metala eta Elektronikea eta este joera batzuk. Taldeek bakarrean emon leikie izena.

Lehiaketak hiru fase izango ditu. Lehenengo fasean, izena emon daben taldeetatik epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, modalidadeen arabera, holan banatuta: 24 talde Pop Rockekoak, 10 Metalekoak eta 4 Elektronika eta beste joera batzuetakoak. Bigarrenean, Pop Rock eta Metalean aukeratutako taldeek zuzenean joko dabe Bilborock aretoan, iraila eta urrian. Epaimahaiak hiruna talde aukeratuko ditu.

Eta, hirugarrenean, aurrekoan aukeratutako taldeek eta Elektronika eta beste joera batzuetako lau taldeek azkenengo kontzertuetan joko dabe. Orduan erabagiko dira zeintzuk diran kategoria bakotxeko irabazleak. Kontzertu guztiak debalde izango dira. Lehiaketearen bigarren eta hirugarren faseetan parte hartzen daben taldeek laguntza ekonomikoa jasoko dabe Bilbora etorri eta bertan joteko.


20.700 euro saritan

Epaimahaiaren osaketa fasearen araberakoa izango da: lehen eta hirugarren faseetan musika arloko profesionalek osotuko dabe, eta bigarrenean profesionalek, musikeari lotutako gazte ez profesionalek eta kontzertuetako entzuleek.

Danetara, lehiaketak 20.700 euro banatuko dira saritan. Pop Rock eta Metal modalidadeko irabazleek 5.000na euro jasoko ditue, bigarrenek 2.500na euro, eta hirugarrenek 1.200na euro. Elektronika eta beste joera batzuk kategoriako irabazleak, ostera, 2.200 euro jasoko ditu. Talde Errebelazino saria, barriz, 1.100 eurokoa izango da

Igazko errebelazino saria irabazi eban taldeak, Educados bandeak, kontzertua emongo dau apirilaren 5ean, Bilborocken, lehiaketako 22. edizinoan saritutako Yellow Big Machine taldeagaz batera. Emonaldia 21:00etan izango da, eta sarrerea debalde da.

Osorik irakurri