Euskal Herriko datu fitxategien biltegia garatu dau Gaindegiak

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, datuak.net ataria garatu dau, Euskal Herri osorako datu fitxategiak eskaintzen dituan ataria. Honegaz, Euskal Herriari buruzko ezagutza sustatzeko zerbitzu edegien aterkia osotu dau Gaindegiak, aurretik beste bi plataforma garatu baititu: atlasa.net (mapa gainean datu sozioekonomikoak bistaratzeko ataria) eta euskalgeo.net (datu espazialak eskaintzen dituan ataria).

datuak.net plataformearen helburua nagusia datu fitxategiak modu edegian eta formatu berrerabilgarrietan argitara emotea da, nork bere erabilera personal eta profesionalerako erabili daian. Holan, eta Gaindegiaren sortze asmoagaz lotuta, Euskal Herri osoa aintzat hartzen daben lanabesak jarten dira herritarren esku, gure herriaren inguruko ezagutza eta ikerketea sustatuz.

Datu katalogo zabala eskaintzen dau dagoeneko atariak. Lau atal nagusitan banatuta (demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua) eta danetara 12 datu-taldetan sailkatuta dagoz: Administrazinoak, Biztanleria, Enpresak, Etxebizitza, Finantzak, Garraioa, Generoa, Lan merkatua, Langabezia, Lurraldea eta Ongizatea.

Egun, 200 fitxategitik gora eskura dagoz, eta Gaindegiaren asmoa biltegi hori etenbarik elikatzea da, ekonomia nahiz gizarteagaz loturiko datu barriak eta gaurkotuak eskaini ahal izateko.

10 urte Euskal Herriari buruzko ezagutza sortzen

Gaindegia irabazi asmorik bako alkartea da eta bere sortze asmoa nazino ikuspuntu batetik Euskal Herriaren errealidade sozioekonomikoa ezagutzea eta ezagutza hori herritarren eskura jartea da. Aurten, bere 10. urteurrena dala eta, 3 plataforma martxan jarri nahi izan ditu, herritarren eskura jarteko bere egunerokoan sortzen dauen ezagutza hori guztia: atlasa.net (datu sozioekonomikoak mapa bistaratzailean, udalerrika, eskualdeka, herrialdeka eta Europa mailan) euskalgeo.net (Euskal Herri osorako datu espazialak danon eskura) eta datuak.net (datu fitxategiak modu edegi eta berrerabilgarrian).

Osorik irakurri