Ahots sintesi bidez webguneak entzuteko teknologia garatu dau Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unidadeak, EHUko Aholab taldeagaz alkarlanean. Elhuyar aldizkariaren webgunean eta zientzia.net-en aplikau dabe, eta daborduko erabiltzaileek gune horreetako edukiak euskeraz modu naturalean entzuteko aukerea daukie.
Ahots-teknologietan gaur egun lortu dan aurrerapen-maila teknologiaren eta hizkuntzearen araberakoa da, Elhuyarreko arduradunek adierazo dabenez. Nahiz eta ahots-ezagutzan oraindino badagoan zer hobetu hizkuntza guztietan, ahotsaren sorkuntza naturalean oso emoitza onak lortzen dabilz, euskerarentzat bere bai. Aholabek oso kalidade oneko ahots sintetiko neutroa lortu dau euskerarako, aplikazinoetan erabilteko modukoa, adierazo dau Igor Leturia Elhuyarreko ikertzaileak. Horregaitik, Aholabegaz alkarlanean, Elhuyarrek Aholab-en ahots sintetikoa webguneetan integretako teknologia hau garatu dau.
Artikulu, albiste eta erreportajeak entzutean, erabiltzaileek aukeratu ahal izango dabe emakumezko edo gizonezkoaren ahotsagaz entzun. Ganera, esaldiz esaldi edo paragrafoz paragrafo nabigau eta entzuteko aukerea be badago. Aldizkariko zenbaki bateko artikulu guztiak bata bestearen atzean entzuteko aukerea be eskaintzen da. HTML5 teknologia estandarragaz garatua dabe teknologia.
Ahots-sintesian oinarritutako teknologiak geroz eta garrantzia handiagoa dabil hartzen: Daborduko ez da mahai ganeko ordenagailuetatik bakarrik nabigatzen webean; gero eta gehiago ibilten gara Interneten gure smartphone eta tabletetatik, eta gailu horreetan webguneak irakurteko baldintzak ez dira sarri oso egokiak: pantaila txikia da (batez be, telefonoetan), mobimentuan joaten gara sarri (oinez, trenean, autobusean...) eta abar. Eta, aldi berean, oso ohituta gagoz edukia entzungailuen bidez (musika, irratia…) entzuten, beste zeozertan gabilzan bitartean, azaldu dau Leturiak.