Kaleko ikuskizunak idazten ikasteko jardunaldia egingo dabe Umore Azokearen aurrerapen moduan

Leioan, maaiatzaren 15etik 18ra izango dan Umore Azokearen aurrerapen moduan, apirilaren 29an, arte eszenikoen profesional, ikasle zein disziplina desbardinetako sortzaileei zuzendutako tailerra antolatu dabe. Ekimen honek espazio publikoan plazaratzeko helburua daben ikuskizunen idazketeari helduko deutso eta Pierre Berthelot (Périgueux-Francia, 1956), Generik Vapeur konpainia frantziarraren zuzendaria izango dau gidari.

Kalean antzezteko idaztea titulupean, alderdi teorikoa eta praktikoa jorratuko ditue parte-hartzaileek, kale arteek bizi daben egoerea islatzeko asmoz. Horrezaz gan, Frantzian eskuragarri dituen baliabide eta metodoen ikuspegi praktikoa be landuko dabe.

Europan, ikuskizunen testuinguruan, ez-ohiko idazkereaz normaltasunez berba egiten da, idazkera horrek testu batean isla izan edo ez. Ikuskizun guztiek sortzailea dabe atzean, autore bakarra edo taldea dala, eta dramaturgia horrek antzezteko behar dauen beharrezko elementu guztiak izan behar ditu, testuan oinarritutako edozein lan bezela. Kasu askotan idazkera hori bapatekotasunaren ganeko ikerketa prozesuaren ondorioa da, beste batzuetan, barriz, ikuskizuna sortzen doan neurrian osotzen da. Baina badago beste aukera bat: pentsau, hausnartu eta idaztea. Kasu honetan, kalean antzezteko idazten da.


Espazioa eta ikuslegoa aintzat hartuta

Prozesu honetan, kontuan hartu beharreko bi ezaugarrik baldintzatzen dabe egilea. Lehenengo eta behin, espazioaren berezitasuna aintzat hartu behar dau, baita plazaratuko dauen testuingurua be, hau da, kalea, espazio publikoa, honek eskaintzen deuskuzan abantail eta traba guztiakaz. Horrezaz gan, ikuskizunaren lekuko izango dan jentea be gogoan izan behar da, izan be, sarrerarik pagau ez daben ikusleak izaten dira, edade zein askotariko maila kultural eta artistikoa dauen jendartea.

Horreek guztiak oinarrian, apirilaren 29an, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 14:00etara bitartean, Kultur Leioan egingo dan tailerra antolatu dabe SGAE Fundazinoa, Institut Français eta Umore Azokeak, arte eszenikoen alorrean dabilzan alkarteen laguntzinoagaz, hala nola, Besteak, Eskena eta Artekale. Kalean antzezteko idaztea tailerrean parte hartzeko izena emotean 10€ pagau behar dira eta www.umoreazoka.org webgunean gauzatu daiteke. Izena emoteko azken eguna: apirilak14.

Osorik irakurri