Johnny Winter blues eta rock gitarrista mitikoak kontzertua eskainiko dau maiatzaren 12an Bilboko BBK Salan, 20:00etan. Sarrerak 27 euroan dagoz salgai, eta aretoan bertan, BBKren orotarako kutxatzainetan eta Kutxabanken webgunean erosi daitekez, BBK Aretoko iturriek jakinarazo dabenez.
Maiatzean blues elektrikoaren ikurra, Woodstockeko oinordekoa izango da protagonista. Rockak inoiz izan dauen albino famatuena, blues-rockaren kondaira bizia, genero honetan ezinbestekoak diran diskoen egilea. Zuzenean inor gitxi bezain mirestua, aukeratua, slide gitarreagaz handienetakoa, nabarmendu dabe.
John Dawson Johnny Winter (Beaumont, AEB, 1944), blues eta rock gitarrista estadubatuarra da, Woodstockeko jaialditik bizirik dirauen musikarietako bat da, eta jaialdi haretan kantaldia eskaini ebanean, izar handia zan ordurako.
San Frantziskon Janis Joplinegaz, Quicksilver Messenger Service taldeagaz eta beste hamaika banda historikogaz jo eban. Gero, New Yorken Jimi Hendrix ezagutu eban eta, Steve Paul managerragaz batera, Columbia diskoetxeagaz kontratu potoloa sinatu eban.
1971n, Johnny Winter And argitaratu eban, askoren ustez Winter jn.aren lanik onena, artista ezagunen abestiak era azkar eta garratzean moldatuz, berbarako, The Rolling Stonesen Jumpin Jack Flash eta Winwood/Capaldiren No time to live.
Johnny Winteren diskoek gero eta gehiago blues gogorreranzko jokerea hartu eben eta 1970eko hamarkadearen amaieran Muddy Waters blusman handiaren zenbait disko produzidu zituan, besteak beste; azken horregaz Grammy sari bi irabazi zituan.
2004an itzuli zan, zeozer esateko ebalako, zortzi urtean argitaratu eban lehen bildumeagaz: I'm a Bluesman. Kritika bikainak eta Grammy sarietarako izendapena lortu zituan. 2009an, beste bilduma bat plazaratu eban, abesti ezagunenakaz moldatua: The Johnny Winter Anthology.
Holan, maiatzaren 12ko Bilboko BBK Aretoan emongo dauen kontzertua gogoangarria izatea espero da, blues-rockaren hainbat klasiko entzungo baitira, besteak beste, Good Morning Little Schoolgirl, Got my mojo working, Bonnie Moronie, Jumpin Jack Flash edo It's all over now.