Euskaltzaleen Topagunearen bazkideek Elena Laka izentau dabe erakundeko presidente. Azken bi urtetan euskaltzaleen mobimentua zuzendu dauen Mikel Irizarrek Elena Lakari pasau deutso ordezkaritzea.
Gasteizko Montehermoso kulturunean zapatuan egindako Batzar Nagusian hartu eben Topaguneko bazkideek erabagia. Elena Laka, abokatua lanbidez, Eibarko …eta Kitto! euskera alkarteko ordezkaria da Topagunean eta urte luzez lotura handia izan dau bai euskera alkarteakaz eta baita Euskaltzaleen Topaguneagaz be. Izan be, bost urtez izan da Topaguneko zuzendaritzakide.
Irizarrek egindako azken urteotako balorazinoan, euskaltzaleen mobimentuak landu dituan erronka barriak azpimarratu ditu. Era berean, euskerearen normalizazinoa ipar daben euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei dei egin deutse, oinarrizko adostasun batzuk lortu eta euskereak azken urteotan izan dituan sabai batzuk apurtzeko. Topaguneko ordezkariek Euskal Herriaren etorkizunean euskerea elementu integratzaile bat dala adierazo dabe; beraz, gizarte euskaltzalearen konpartidutako proiektu modura normalizazinoan pausuak emoteko aukerak areagotuko dirala adierazo dabe. Topaguneak norabide horretan lanean jarraituko dauela adierazo dabe bertaratuek.
Ganerakoan, Batzar Nagusiak 2013ko Euskaltzaleen Topagunearen jarduera txostena eta 2014ko Kudeaketa Plana onartu ditu. Arlo ekonomikoan urte gogorrak izan arren, egitasmo barri ugari eta norabide barritua nabarmendu ditue igazko jarduerearen balorazinoa egiterakoan.
Zuzendaritza Batzordean egindako aldaketa bakarra ez da Elena Lakarena izan. Imanol Miner errenteriarra sartu da Topaguneko zuzendaritzan, eta Niko Cuenca deustuarrak eta Oskar Zapata atarrabiarrak be euren kargua barritu dabe.
Azkenik, bazkide barri bat be onartu da aurtengo Batzar Nagusian. Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topaguneagaz 93 euskaltzale alkartek osotzen dabe gaur egun mobimentu euskaltzalea.