Ekain Rojo: 'Futbola opioa izan daiteke, baina gatazken agertoki bere bai'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 7a, 00:00

Futbola da Ekain Rojo Labaien ikerlari, kazetari eta NOR taldeko kidearen (Donostia, 1983) tesiaren ardatza, futbola eta nazino eregitea, hain zuzen be. Igaz irakurri eban Josu Amezaga irakasleak zuzendutako Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura tesia, eta orain liburua argitaratu barri dau, Futbola eta nazio eraikuntza Euskal Herrian eta Espainian (Utriusque Vasconiae). Futbola kirola bada be, ez da hori bakarrik, ezta asko gitxiagorik be. Ekain Rojok zabal azaldu deusku.


1.- Zelan otu jatzun futbola eta politikea tesian nahastea?

Futbola talde nortasunen errepresentazino lez aztertu dot, eta horrek politikeagaz dauka loturea. Beti interesau jat hasiera-hasieratik futbolak ikurren bitartez nortasunak errepresentatzeko euki dauen ahalmena. Adibidez, Espainia eta Euskal Herriko partiduetan berehela agiri da errepresentazino hori, ikurren arteko lehia. Komunidade batzuk errepresentetan dituen taldeen arteko lehia islatzen dabe partiduek. Beti erakarri nau futbolaren inguruan dagoan sinbologiak.


2.- Futbola ez da kirola beste barik, ez da joko bat bakarrik.

Ez, nire ustez kirola baino askoz gehiago da, batez be espainiar estaduan eta Euskal Herrian. Beste leku batzuetan baino gehiago igarten da hemen. Oihartzun handia dauka gizartean, eta modu berean gizarteak dituan arazoak eta aldarrikapen politikoak harmailetan adierazoten dira. Gizartearen isla bat da. Gizarte modernoen agertoki baten antzekoa da futbola.


3.- Eta ze ezaugarria daukaz ba futbolak, beste kirol batzuen aldean, arrakasta hori izateko?

XIX. mende amaieran aldaketa handi bat bizi izan zan industrializazino aroa dala eta. Gizarteak nabarmen aldatu ziran, uriguneak gero eta handiagoak ziran, eta jentea ez zan daborduko alkar ezagutzen, ez euken lehenago lez zuzeneko hartu-emonik. Gizarte horreek talde edo kolektiboak adierazoteko bide bat behar eben. Leku hori kirol kolektiboek, batez be futbolak, bete eban. Hori da munduan gehien zabaldu zana.

Lehia mimetikoak bezela dira. Taldeen arteko, bata bestearen arteko, lehia islatu dabe. Gu eta besteen arteko lehia adierazoten dabe. Nazino nortasunek behar dabe beste batzuen aurrean desbardintzea, eta futbolak hori ahalbidetzen dau. Gu gure artean bardinak gara, eta gu beste batzuen kontra desbardintzen gara. Beste talde kirolek be badaukie ezaugarri hori, bana ez diranez futbola beste zabaldu, ez dabe lortu nortasun eremuan holako arrakastarik izatea.


4.- Lehia aitatu dozu, komunikabideek be, partiduen kroniken barri emotean, lexiko guztiz belikoa darabile.

Batez be nazinoarteko partiduetan, munduko eta Europako kopetan. Gerrearen parekoa dala dinoe batzuk, armarik bako gerra sinboliko bat edo. Kazetariek, batez be telebisinoan, lehia biziten dabe, gu eta besteen aldea gehiago nabarmentzen dabe, taldea eta selekzinoa nazinoagaz gehiago identifiketako.


5.- Bai, halako harrotasun nazinonal bat edo, ezta?

Bai, holan da.


6.- Komunikabideen eta futbolaren arteko harremana be landu dozu liburuan. Zelakoa da lotura hori?

Kirol kolektiboak, eta bereziki futbolak, hedabideei eduki oso ona emoten deutsie salmentak biztuteko, jentea erakarteko. Gaur ere gertatzen da. Eta beste alde batetik, hedabideek futbolari erabateko presentzia emoten deutsie gizartean. Estadu nazinoak edo nazinoak biko hori aprobetxetan dau, futbola-komunikabideak. Nazinoa zilegitzeko bide bat be bada, batez be estaduen kasuan. Estaduak adierazoteko bide nagusienetako bat gaur egun hedabide eta futbolaren bikoa dala esan daiteke.


7.- Bikoa hiruko bihurtzen da beraz, futbola-estadua/nazinoa-komunikabideak.

Bai, batez be estadua esango neuke. Nazinoarteko eremuan estaduen inguruan antolatzen da futbola, Euskal Herria lez, estadurik ez daben nazinoak kanpo geratzen dira. Estaduek bermaten dabe nazinoarteko futbola.


8.- Horregaitik, estadu espaianiarrak, berbarako, ez dau Euskal Herriko selekzinoaren ingurukorik entzun be egin gura?

Orain hiru-lau urte, PP alderdiko Esteban Gonzalez Ponsek esan eban, estadua selekzino askotan banatuta agertuko balitz, inork ez leukela egituta bateratu eta uniforme bat bezela hartuko. Ez da Espainiaren kasua bakarrik, beste leku batzuetan be jazoten da.

Estaduak konturatzen dira euren barruan dagoan beste adierazpideak ahalbidetu ezkero, zilegitasuna kaltetzen dala. Espainiak ez dau nahi Euskal Herriaren espresiobide hori onartu, beste nazino bat dagoala onartzea izango litzateke. Eta hori ez dau nahi nazinoartean adierazo.


9.- Argi dago, futbola ez da gauza hain inozentea.

Ez, ez da. Nik nazino nortasuna, talde kolektiboen produkzinoa, elikatzea eta sorkuntzea jorratu dodaz, baina futbolak beste hainbat alderdi ditu. Ekonomia aldetik, adibidez, inozentetik oso gitxi dauka. Ezin da esan, askotan esaten dan moduan, ezin dala politikeagaz nahastau, futbola kirol hutsa dala. XX. mendeakm kontrakoa erakutsi dau. Askok dinoe kirola eta politikea ez dirala bereizi behar esatea bera baieztapen politiko bat dala


10.- Liburua 1920an abiatu dozu, zergaitik urte zehatz hori?

Liburuan batez be Euskal Herria eta Espainiako azterketea egin dot. I. Mundu Gerrearen ostean, milaka lagun batzen diran estadioak eregiten hasten dira Espainian. Orduan hasten dira ere nazinoalismoak gero eta indar handiagoa hartzen. 1920an, Joko Olinpikoak egin ziran, Anberesen. Espainiako futbol selekzinoa bigarren geratu zan. Jokalari gehien-gehienak euskal herritarrak ziran. Belgikako kazetariek espainiar selekzinoaren jokatzeko modu oldarkorra adierazoteko La furia española esamoldea asmatu eben, jazoera historiko bat eukan oinarrian. Kazetari espainiarrei asko gustau jakien, eta zabaldu egin eben.

Gauzaea da jokalari gehienak euskal herritarrak zirala, ironia hori: euskal kirolariek sortu eben espainiarren ezaugarri zan jokatzeko modu oldarkor hori. Madrileko prentsari es jakon asko gustau selekzinoko ia danak Euskal Herrikoak izatea. Eta sasoi horretan aitatzen da batzuek euskal herritarrekaz bakarrik nahi ebela jokatu, selekzino bat osotu. Arazo nazionalistea bete-betean dago ganera orduan. 1920tik bertatik ikusten gatazka baten isla futbolean bere bai.


11.- Euskal selekzinoa ez da, orduan, gauza barria.

Ez. 1920an hasi zan apurka-apurka euskal selekzinoaren aurrekari batzuk sortzen. Gerra sasoian gauzatu zan guztiz, 1937an euskal selekzinoak egin eban bira ezagunean. Gero, Frankoren diktaduran, 40 urtan, geldirik dago. Espainian futbolak daukan ospea lortu badau izan da espainiar nazionalismoaren espresiobidea izan dalako. Eta katalan eta euskal herritarren adierazoteko beharrizan horren bideratzaile izan dalako bere bai. Horregaitik lortu dau futbolak beste leku batzuetan baino entzute handiagoa.


12.- Dikatdureak baeukan bere taldea, ezta? Real Madrild taldea Francoren taldea zan, identifikazino bat baegoan, ezta?

1950eko hamarkadan Frankismoa konturatu zan futbola aukera ederra zala onurak ekarteko. Hasieran, Atletico Aviacion eben begiko, gaur egungo Atletico Madrid. Baina Real Madrid hasi zan irabazten, eta berau bihurtu zan erregimenaren taldea. Hori da kanpoan Frankismoaren irudi ona emoten dauena, diktadureak beste heldulekurik ez daukanean. Atzerrian irudi oso eskasa eukan, eta Real Madridek emoten deutso irudi ona. Frankismoaren ikurra bilakatzen da.


13.- Futbolaz gabilz, orokorrean, baina gizonen futbola esan beharko geunke.

Mundu gerra bien artean Ingalaterran milaka lagun batzen zituen partiduak jokatzen ziran, tartean emakumeek jokatutakoak bere bai. Baina, orduan emakumeen futbola bajatuten hasi zan. Akaso ez da hainbeste futbolaren arazoa. Gerretan jazo dan lez, futbolean be, gizonen esku itxi da nazinoaren errepresentazinoa. Eta gizonen kontu geratu danez errepresentazinoa emakumeek ez dabe lortu edo ez jakie emon ahalmen hori. Horregaitik, emakumeen futbolak ez dauka gizonenak besteko oihartzunik hedabideetan eta gizartean.

Emakume eta gizonei ez jakie emon maila berean kolektibidadea ordezkatzeko ahalmena, hori dala eta ez da bardin garatu batzuen eta besteen futbola. Dana dala, nazinoarteko partiduetan, telebistek nazinoa eregiten dabilzanean, emakumeen audientzia gizonezkoen ia parekoa da. Beraz, futbolaren bidez egiten dan nazino eregitea emakumeei be heltzen jakie, eta eurei be eragiten deutsie. Baina protagonistak gizonak dira, bai.


14.- Ba, futbolean eta gizartean, antzera azken batean.

Bai, horrela da. Gizartean jazoten dana futbolean be horrela da.


15.- Sarri esan izan da futbola herriaren opioa dala. Konforme zagoz baieztapen horregaz?

Ba, ez guztiz. Futbolak alderdi bi ditu kontraesanean. Alde batetik, opioa dala esan daiteke estaduek edo poderea daukienek erabilten dabelako herritarrak auzi politikoetatik eta gizarte errebindikazinoetatik aldentzeko. Amarru edo erreminta bat da, manipulazino baten antzekoa. Adibidez, 40 urtean Frankismoa ahalegindu zan futbola baketzeko tresna lez erabilten; danak dagoz pozik Espainia batu batean, futbolak espainiar nazinoaren bake itxurazko eremua adierazoten dau.

1943ean, baina, Barça eta Madrilen arteko partiduan istilu handiak izan ziran. Egunkariei eskatu jakien horren barririk ez emoteko, ez jakon erregimenari interesetan irudi hori emotea. 1975era arte horrela izan zan. Halan be, 60ko hamarkadan, eta lehentxuago bere bai, estadioetako harmailak gatazken isla eta agertoki izan ziran, beste edozein lekutan esan edo adierazo ezin ziran errebindikazino politiko edo sozialak futbol partiduetan agiri ziran. Hemen, eta munduko beste leku batzuetan bere, gitxiengoek izan daben aukera apurretakoa izan da.

2009an, Espainiko Errege Kopearen finala Athleticek eta Barçak jokatu eben. Katalanek eta euskal herritarrek txistu egin eutsien bai Espainiako ereserkiari bai Espainiako erregeari berari be. Nazino espainiarren sinboloei txistu egin eutsien. Futbola opioa izan daiteke, bai, baina beste alde batetik kontrapoderea be izan daiteke, eta gatazken agertoki.


16.- Dana dala, txistu horreek isildu egin zituen telebisinoak.

Bai. Kasu interesgarria da. TVE 1 katean izan zan, Espainiako telebista kate publikoan, hain zuzen be.


17.- Franskimo sasoian antzera, beraz.

Ba, bai. Zuzenean emoten da ereserkia, baina orduan errealizazino muetea aldatu egin eben, eta soinua asko bajatu.


18.- Tesia igaz aurkeztu zenduan, liburua be kalean daukazu, futbola eta nortasun nazionalen gaia jorratzen segiduteko asmoa dozu?

Oraingoz gaiagaz segiduko dot. Unibersidadean, nazinoarteko artikulu zientifikoak argitaratzen ahalegintzne nabil, ingelesez eta frantsesez. Euskeraz egin neban tesia, eta orain nazinoartean zabaldu nahi dot. Ikerketearen emoitzen barri emon nahi dot nazinoartean.

Osorik irakurri