Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Memoria Fundazinoak eta lurraldeko udalek lankidetzan antolatutako Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ibiltaria herririk herri ibiliko da Gipuzkoan zehar, Oiartzunen hasita, euskereak bizi izandako zapalkuntzearen barri emateko.
Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Arantxa Erasun Euskal Memoria Fundazinoko kideak eta Irati Etxebeste Oiartzungo Udaleko zinegotziak aurkeztu eben ekimena. Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazinoaz, baina gitxiegi euskal hiztunen kontakizunaz: euskerearen kontura izan dituen pozak, eta zelan sentidu diran askotan indar barik haren egoerea ikusita, adierazo eban aurkezpenean Etxeburuak.
Euskal hiztunen bizipenak jaso ditu Euskara, ospeletik eguterara erakusketeak, eta egitarau berezia be atondu dau, herriz herri. Alde batetik, euskerearen eta euskal hiztunen kontrako bazterkeriaren kakoak eta testuingurua erakutsi gura ditue, eta beste alde batetik, euskeraz biziteko herritarrek egindako ahaleginak.
David Anauten Euskararen kate hautsiak liburua hartu dabe oinarri; memoria dokumentala eta memoria bizia jaso dira, eta horreen bidez herriz herri erakutsiko da euskerearen zapalkuntzea, lau bitarteko erabiliz. Alde batetik, 20 minutuko dokumental bat proiektauko da, euskeraz, edo euskeraz gaztelerazko azpitituluekaz; bestetik, erakusketa bera izango da, 15 panelegaz, euskeraz; hirugarrenez, erakusketearen edukiak erdaldunei helarazoteko euskarri osagarri laburra izango da, gazteleraz; eta amaitzeko, mahai-inguru bat izango da euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketea jorratu daben adituekaz, eta zapalkuntza sufridu debenekaz edo euskerearen aldeko herrigintzan ibili diranekaz. Gipuzkoako Aldundiak udalei eskainiko deutsie Euskara, ospeletik eguterara egitaraua, eskualdez eskualde eroateko.
Erakusketa-egitaraua apirilaren 7an hasi eta abenduaren 3an amaituko da. Hilebete honetan, apirilean, Oiartzunen egongo da; maiatzean, Zarautz, Donostia (Egia) eta Arrasaten; bagilean, Tolosa, Azpeitia eta Urola Garaian; eta udagoienean, momentuz, Orio, Lasarte, Deba Barrena, Goierri eta Deba Goienan.