Kimuak 2013ren aurkezpena Bilbon eta Gasteizen

Pasa dan zezeilean Donostiako ikuslegoaren aurrean aurkeztu ostean, aste honetan Bilbo eta Gasteizen ikusi ahal izango dira Kimuak 2013 katalogoa osotzen daben zazpi film laburrak.

Ibilbide aparta egiten dagoz filmok, izan be, 320 aukeraketa izan ditue honezkero nazinoarteko jaialdi garrantzitsuenetan, 46 sari eskuratuz.

Lander Camareroren A Political Story Albaniako Tirana International Film Festivalean estreinau zan eta Aretxabaletako Huhezinema jaialdiko epaimahaiaren sari berezia eskuratu barri dau. Aritz Morenok zuzendutako Cólera, barriz, BFI London Film Festivalen estreinau zan eta Sitges eta Donostiako bildurrezko eta fantasiazko zinemaldietan lehiatu da. Datorren maiatzean, Bilboko FANT jaialdian ikusi ahal izango da.

Borja Cobeagaren Democracia komedia, Valentziako Cinema Jove jaialdian estreinau zan igazko bagilean eta Guadalajara (Mexiko), AFI Fest, Medina del Campo eta Malagako festibaletan lehiatu da, besteak beste. Azken honetan gainera bi aktore nagusiak saritu ditue.

Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety animazinoak bere generoko ekitaldi garrantzitsuenetan hartu dau parte. Donostia Zinemaldian hasi eban ibilbidea eta jarraian l'Alternativa Bartzelonako zinema independentearen jaialdian Film Labur Onenaren saria irabazi eban. Datozen hileotan Zagrebeko Animafest eta Festival International du Film d’Animation d’Annecy ospetsuetan lehiatuko da.

Bestalde, Raúl de la Fuente Iruñekoaren Minerita dokumentala Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdian erakutsi eben lehen aldiz eta Docs DF, IDFA Amsterdam edo San Diego Latino Film Festival lako ekitaldietan izan da. Goya Sarien azken edizinoan, Film Labur Dokumental Onenaren saria irabazi eban.

Una hora, un paso, Aitor Iturriza eta Bernat Gualek alkarregaz zuzendua, Amiensen estreinau zan eta ZINEBI eta Cinemad lako jaialdietan ikusi ahal izan da. South West London nazinoarteko festibalean Epaimahaiaren Aitamen Berezia jaso eban.

Azkenik, Asier Altunaren Zela Trovke (Belarra mozten) Donostia Zinemaldian estreinau zan irailean Hotzanakegaz batera eta ordutik besteak beste Medina del Campo, ALCINE eta Gasteizko Cortada festibaletan saritua izan da.

Bilboko emonaldia Alondigako auditoriumean izango da eguaztenean, apirilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan. Kimuak egitasmoko koordinatzaile Esther Cabero eta A Political Story film laburreko zuzendari Lander Camarero eta Mikel Llamosas protagonista izango dira bertan saioa aurkezteko.

Eguenean, barriz, Gasteizeko Florida zinema aretoetan ikusi ahal izango dira laburrak, iluntzeko 20:00etan. Txema Muñoz, Kimuak egitasmoko arduradunak aurkeztuko dau emonaldia, Lander Camarero eta Mikel Llamosasegaz batera.


Bilbo

Eguna: Eguaztena 9 — 19:00
Lekua: Alondigako Auditoriuma — Arriquibar plaza, 4
Sarrerea: Doban, konbidapenagaz. Alondigako Infopuntuan eskuratu ahal izango dira konbidapenak.


Gasteiz

Eguna: Eguena 10 — 20:00
Lekua: Florida Zinemak — San Prudencio kalea, 22
Sarrerea: 2€, zinemako leihatilan salgai.

Osorik irakurri