Hamar ikastetxetako 200 ikasle izango dira Lauro ikastolan egingo dan Ikasle Laguntzaile V. Jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 10a, 00:00

Eskola bizikidetzea hobetzea helburu dauen Ikasle Laguntzaile proiektuaren bosgarren jardunaldia egingo da Lauro ikastolan eguen honetan, apirilaren 10ean, programan ibili diran hamar ikastetxeetako 200dik gora ikasleren parte-hartzeagaz. Ekitaldiaren asmoa gazte horreek autortu eta ikusarazotea da.

Proiektua, egun, hamar ikastetxetan gauzatzen da: Dolores Ibarruri BHI (Gallarta), Ikastola Zubizaharra (Balmaseda), Balmasedako BHI, Minas Ikastetxea (Barakaldo), La Salle Ikastetxea (Zarautz), Antoniano Ikastetxea (Zarautz), Beurko BHI (Barakaldo), Lizardi Ikastetxea (Zarautz), Koldo Mitxelena Ikastola (Barakaldo) eta Lauro Ikastolan.

Ikasle Laguntzaile EDE Taldeko Bakeola Gatazketarako Bitartekaritza Zentroak sustatutako eskola bitartekaritzarako proiektua da. Programa horren bitartez, beste hezkuntza eragile batzuekaz batera, ikastetxeetako ikasleek zentroko bizikidetzea hobetzeko prestakuntzea jasoten dabe urte osoan.

Programan inplikautako lagunek egiaztatu dabenez, programearen bitartez indarkeriazkoak ez diran gaitasunak eta jarrerak sustatzen dira, eta gelaren eremua gainditzen dauen bizikidetza giroa sortzen da.

Bere sustatzaileek adierazo dabenez, apustu pedagogiko hau orain bederatzi urte hasi zan Dolores Ibarruri BHIn, eta gero, Balmasedako BHIn eta Zubizaharra Ikastolan (Balmaseda); beste ikastetxeak geroago batu ziran.

Aurreko edizinoetan izandako arrakastea aintzat hartuta, Bakeolak Ikasle Laguntzaile V. Jardunaldia antolatu dau. Ekitaldi horren bidez, urte honeetan egindako lana ikusarazo eta autortu nahi da, bai eta esperientziak trukatu eta konpartidu be. Ikasle Laguntzaile V. Jardunaldia eguen honetan, apirilak 10, egingo da, 10:00etatik 15:00etara, Lauro ikastolan.

Osorik irakurri