Pello Salaburu hizkuntzalari eta euskaltzain osoak Erein argitaletxearen eskutik plazaratu dauen Errateko nituenak. Cuzcoko kronika liburua aurkeztu eban bart Donostian. Egilearen berbetan, inoiz be eskribidu dodan liburu personalena da hau.
Anjel Lertxundi idazlea eta Inazio Mujika editorea ondoan zituala, Pello Salaburuk azaldu zituan liburuaren ingurukoak. 2012ko udagoienean lan bidaia bat egin behar izan eban Cuzcora, eta hori da lan honen abiapuntua, edota atxakia: Bakarrik ibilten nintzanez maiz hango karriken artean, Cuzcora egin neban bidaiaren artekek hainbeste gomuta ekarri eustiezan gogora, nire bizitza lanbrotuan zehar zinez edo ustez jazotakoak, eta horreek guziak mantso-mantso papel mutur batean paratzen hasi nintzan.
Esan ebanez, liburuan badira datu autobiografikoak, baina ez da autobiografia bat, inondik be; liburuan egiazko historioak kontau ditut, fikzionatuz, historioak ia-ia istorio bihurturik, baina ez da nobela bat; liburuan hausnarketak egiten ditut, han-hemenka, baina ez da saiakera liburua; bidaiak agiri dira, baina ez da bidaia liburua be. Puzzle bat da liburua.
Gazte atera nintzan etxetik -gaineratu eban- hamar urte baino ez nituan, eta kolkoan sartu nituan, isil-isilik, garai haretako historiak. Denporearen indarrak ekarri dituan beste batzuekaz nahastu jataz azkenean. Orain orrialde honeetan atera dira horreetako batzuk.