Musikea, gastronomia, kirola, jantzea eta diseinua dira aurtengo Basque Fest egitarauaren osogai nagusiak. Igaz 43.500 lagun batu zituen ekimenak, eta aurten be bisitari kopuru horretara ailegau gura dabe antolatzaileek. Edizino honetako barritasunetako bat Bilboko errioa izango da.
Marta Ajuria Bilboko Ekonomia eta Ogasun zinegotziak eta Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak emon dabe Basque Festen barri, Terminus eraikinean egin dan aurkezpenean. Hurreko merkatua dau helburu ekimenak, Ajuriak berak prentsaurreko hasieran nabarmendu dauenez, Bilbo eta Bizkaitik 200-300 kilometrora bizi diran bisitariak. Bilbo Aste Santuko egunetan dinamizetea da gure asmoa -azaldu dau- eta turismo kulturalaren erreferente bihurtu gura doguz bai Bilbo bai Bizkaia.
Euskal kultura tradizionalak eta etorkizuneko kultureak bat egingo dabe, Ajuriaren berbetan, Basque Festen. Jaialdi bat baino gehiago da, euskal kulturea sentiduteko modu bat da, ganeratu dau. Programaizinoa hobetu egin dabe, eta espazio barri bi gehitu ditue, errioa eta Zabalguneko merkatua. Zabalguneko eraikinean euskal disko, liburu, bideo eta jolasen azokea egingo dabe. Hilaren 19an eta 20an Toti Martinez de Lezea, Kirmen Uribe, Jon Arretxe, Inma Roiz eta Jose Ignacio Abasolo idazlean bertan izango dira, liburuak sinatzen. Itsasadarrak desafio berezi-berezia hartuko dau hilaren 17an, 21:00etan, harri-jasotzaileen arteko norgehiagokea, hain zuzen be. Erakustaldia Ibai-Eder itsasontzian egingo dabe.
Riberako merkatua, aurten be, euskal diseinatzaileen erakustoki bihurtuko da. Bertan izango ditue erakusmahaiak, besteak beste, KOT, Ze Politte, Zegatik, Trakabarraka, Merdeces de Miguel, Callate la Boca, J+G eta Ian Mosh etxeek. Musikeari jagokonez, Records Story Day jardunaldian We Are Standard, El Deseo del Doctor, Joseba B. Lenoir eta Tremenda Trementina taldeek kontzertuak eskainiko ditue, Villarias kalean. Alondigea eta Plaza Barria Audience, Willis Drummond, Trikidantz eta Balekite taldeen eszenatoki izango dira. Jantzea, musikea, kantua eta herri-kirolak buztartzen dituan Herritmo ikuskizuna barikuan eskainiko dabe Kukaik, Oreka Tx-k eta Kalakanek.
Mobimentu handia egongo da, beraz, Aste Santuko oporraldian Bilboko kaleetan. Bisitari ugari erakarriko dituela espero dabe antolatzaileek, aurreko urteetan moduan. Kultureak bai turismoan bai ekonomian daukan garrantzia azpimarratu dau Miren Josune Ariztondok. Kulturea turismoa eragiteko tresna estrategikoa da, eta ekonomian eragiteko tresnetako bat be bada. Kaleak jentez, artez, bizitasunez eta kulturaz beteko dira iragarri dau, eta horrek bultzada ekonomikoa ekarriko dauela.
Uriko hotel batzuk be bat egingo dabe Basque Festegaz, halanda ze euskal produktuz osotutako armozuak emongo ditue Aste Santuko bost egunetan. Gourmet izeneko atalean, ganera, Bizkaiako Txakolina eta Arabako Errioxako ardaoen dastatze artistikoak antolatu dira, Alondigan.
Basque Fest jaialdiaren egitarau osoa, hemen.