uriola.eus

FANTen estreinatuko du 'The sacrament' filma Ti West zinemagileak

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia
Maiatzaren 9tik 16ra bitartean, genero fantastiko eta bildurrezkoak hitzordua izango dau Bilbon, aurten XX. urteurrena ospatuko dauen FANT Zinemaldiaren edizino barri bategaz. Bi hamarkadotan, sano sustraituta dagoan jaialdia da eta aurtengo edizinoan programazinoa handitu eta aurrekoan baino %40 proiekzio gehiago eskainiko da lehiaketan.

Holan, aurtengo FANTek iraungo dauen zortzi egunetan, publikoak zer aukeratu ugari izango dau, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen dauen zinemaldi honetako sail desbardinen artean banatutako 40 film luze eta 40 film laburren artean. Film-eskaintzea handituz, jagokon erantzuna emon nahi izan jako publikoak adierazo dauen interes gero eta handiagoari, izan be, azken bi urteotan ikusleen kopurua %50etik gora gehitu da.

FANTen programazinoa maiatzaren 9an abiatuko da, barikuz, Campos Eliseos antzokian 20:00etan La Cueva filmaren proiekzinoagaz. Alfredo Montero zinemagile balearraren bigarren film luzeak hiru Zilarrezko Biznaga (Film Onenarena, Aktore Onenarena eta Aktoresa Onenarena) irabazi ditu Malagako Jaialdian. Zuzendaria eta protagonistak Bilbora etorriko dira filma aurkeztera. Zinemaldiaren lehenengo jardunaldi horretan, 22:45etik aurrera, lehiaketan parte hartuko daben 11 euskal film laburrak pantailaratuko ditue.

Amaierako ekitaldia, barriz, BBK Aretoan izango da, hurrengo barikuan, maiatzak 16, 19:45ean hasita. Sari-banaketearen ondoren, Zarpazos! Un Viaje por el Spanish Horror izenburuko dokumentala proiektauko da. Espainiako fantaterroreak joan dan mendeko 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan egindako ibilbidea laburbatzen dauen Victor Matellanoren lan honek Christopher Leeren aurkezpen-testua eta Paul Naschyren hitzaurrea ditu.

Sail Ofiziala

Danetara, 11 film lehiatuko dira aurten FANTeko Sail Ofizialean, Espainia, Alemania, Hego Korea, Israel eta EEBB bezalako nazionalidadeetako lanak eta bi koprodukzino (bata Australia eta Erresuma Batuaren artekoa, eta bestea franko-kanadarra) tarteko dirala. Berariaz nabarmentzeko modukoa da The Sacrament filmaren Bilboko estreinaldia (Ti West, EEBB, 2013), zuzendariaren parte-hartzeaz egingo baita, filmeko protagonista Kate Lyn Sheil gidoigile, film laburren zuzendari eta House of Cards lako telesailetan jardundako antzezlea tarteko dala. Sail Ofizialeko film guztiak eguneko hiru saiotan banatuta pantailaratuko dira (17:30ean, 19:45ean eta 22:00etan), Bilboko Alondigako Golem Zinema-aretoetako 1. aretoan, domekan hasi, hilak 11, eta eguaztenera bitartean, hilak 14 (egun honetan bi saio besterik ez dira egongo).

Sail honetako film onena aukeratuko dauen nazinoarteko epaimahaia hiru kidek osotuko dabe. Epaimahaiburua Matthew Robbins zuzendari, gidoigile eta produktore iparamerikarra izango da, Steven Spielberg eta Guillermo Del Toro lako zuzendariakaz zein Disney faktoriagaz lan egin dauen eskarmentu handiko zinemagilea. Honegaz batera, Carlos Areces antzezlea (ezaguna egin da La hora chanante eta Muchachada nui lako saioetan egindako lanagaitik eta Alex de la Iglesia, Pedro Almodovar eta Nacho Vigalondo lako zinemagileakaz pantaila handirako egin dituan filmakaitik) eta Andrea G. Bermejo kazetari, zinema-kritikari eta blogaria egongo dira.


FANT Maisuak

Genero maisuen omenezko ohiko atalaren barruan, aurten, parodia bat izango da protagonista, El jovencito Frankenstein, Mel Brooksek 1974an zuzendu eta aurten 40 urte bete dituan filma. Bildurrezko zinemearen titulu ikoniko bat (La Novia de Frankenstein) gogorarazoten dauen komedia honek Gene Wilder, Marty Feldman eta Peter Boyle ditu protagonista, eta zeozelako omenaldia egiten deutso James Whalek 1935an zuzendu eta Boris Karloff munstroaren papelean eban film gogoangarriari. Proiekzinoa eguaztenean izango da, hilak 14, 17:30ean, Bilboko Alondigan.


Koreako Zinema-Zikloa

Edizino honetan, FANTek ziklo bat eskainiko deutso Koreako zinemeari. FANT 19an geugaz izan zan Park Chan-Wook eta Kim Ki-Duk lako zuzendarien lanari esker, Koreako zinemeak gero eta jarraitzaile gehiago ditu mendebaldean. Zikloak ezaupide txikiagoko baina interes bereko zinemagileek egindako bost film eskainiko ditu (horreetako batzuk ez dira estreinau Estaduan). Saioak domekan hasi, hilak 11, eta eguenera arte izango dira, hilak 15. Golem Zinemetako 2. aretoan egingo dira, 17:30etik aurrera, eta edozein sartu ahal izango da, aforoa bete arte.

Ganerakoan, umeentzako FANT eskola saioak, FANT Erreskatean, FANT Laburrean, lehiaketak zein maisu-eskolak izango dira.

Sarrerak eta abonuak salgai jarriko dira apirilaren 28tik aurrera, 5 eta 25 euroko prezioan, hurranez hurran (4 eta 20 euroko prezioan Bilboko Alondigako edo El Correoko txartela dabenentzat eta Fas zine-klubeko kideentzat), ondoko leku honeetan: Campos Eliseos Antzokian, BBK Aretoan, Golem Zinema-aretoetako txarteldegietan eta Bilboko Alondigako Infopuntuan (bai eta esparru horreetako kutxazain eta webguneetan be, abonua izan ezik, lehiatiletan baino ez baita salduko).

Bigarren aretoko proiekzinoak dobakoak izango dira, eta edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Bizkaie!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa