Banatu ditue 2013ko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Gorka Azkune Galparsoro, Eneko Bachiller Otamendi, Gorka Zabaleta Lopetegi eta Amaia Portugal Gonzalez izan dira saridunak. Zientzia gizartean sorkuntza-bekea Xabier Erkizia Martikorenarentzat izan da. Eta Elhuyar Fundazinoaren Merezimendu saria Udako Euskal Unibersidadeak jaso dau.
Zientzia-kazetaritzaren arloko lanik onena Gorka Zabaletak idatzitako Angulari erradiografia izan da. Zumaiako Baleike herri aldizkariko zuzendari eta kazetariak hirugarren urtez jaso dau sari hau. Epaimahaiaren esanean, erreportaje bikaina da, eta gaur egungo kazetaritzearen eredu, primeran erabili ditu baliabide guztiak: testua, argazkiak, bideoa, papela eta Internet. Amaia Portugalek, barriz, aitamen berezia jaso dau, Berria egunkarian argitaratutako Giza eboluzioa berridazten lanagaitik.
Zientziaren dibulgazino-artikuluen kategoriako saridunak Gorka Azkune eta Eneko Bachiller izan dira.Lehenengoak dibulgazino-artikulu orokor onenaren saria jaso dau Fikzioa errealitate bihurtzen denean beharragaitik. Lanen honek bidez teleportazinoa zer dan azaldu dau Azkunek. Artikuluari ausarta eretxi deutsie epaimahaikideek, azaltzeko eta ulertzeko gai zail bati heldu deutsolako egileak, eta artikulutik nabarmendu dabe entretenigarria izateaz gan, aurrera begirako ikuspegia dauela, eta protagonistak personak dirala.
Eneko Bachiller izan da egilearen tesian oinarritutako dibulgazino-artikulu onenaren sariduna. Epaimahairen esanean, izenburu erakargarri bategaz hasita, erraz irakurten dan artikulua osotu dau egileak, ikuspegi eta egitura egokiak dituana, eta oso irudi aberats eta erakargarriak. Hauxe da lanaren izenburua: Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira. Bachiller Norvegian bizi da, doktoretza osteko ikerketa-lanetan dabil han.
Kazetaritza-lanak eta dibulgazio-artikuluak ebaluatu dituen epaimahaiko kideak izan dira: Arturo Elosegi, ekologoa, EHUko ikertzailea, eta zientziaren dibulgatzailea; Marian Iriarte, kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea; Uxune Martinez, UEUren Ingumak datu-base zientifikoaren kudeatzailea; Alberto Barandiaran, kazetaria eta Hekimeneko zuzendaria; eta, Leire Cancio, Elhuyarreko zuzendari nagusia.
Zientzia gizartean sorkuntza-bekeak zientzia/teknologiaren eta gizartearen arteko akarrekintzea lantzen daben proiektuak saritzen ditu. Honeek osotu dabe epaimahaia: Josu Rekalde. Artea eta teknologia saileko zuzendaria, EHUko Arte Ederren Fakultadean; Koldo Almandoz, ikus-entzunezko arloko aditua, zinema-zuzendaria eta The Balde aldizkariaren zuzendaria; eta Maria Gil, Elhuyar Zientzia unitadadeko arduraduna. Xabier Erkizia soinu-ikertzailearen Idazkera isilak: Entzuteko idatziak eta Soinuzko irudiak egitasmoak jaso dau bekea.
Soinuak grabau ahal izateko teknologia asmau aurretik, bestelako euskarrietan gordetako soinuak aurkitu eta erregistratzea da proiektuaren helburua, eta epaimahaiak proiektuaren interes sozialari, egingarritasunari eta teknologia eta gizartearen arteko alkarrekintzeari nabarmendu ditu. Erabagigarria izan da emoitzea ez izatea une bateko gertakizuna, baizik eta gerora be erabilgarria izatea, aurkezten dan unetik harago.
Elhuyarren Merezimendu saria UEUrentzat izan da. Txema Pitarke Elhuyarreko presidenteak Udako Euskal Unibersidadeari izena txiki geratzen jakola nabarmendu dau, udan bakarrik ez, urtaro guztietan egiten deutsoz eta ekarpenak gizarteari, ikastaro, mintegi eta bestelako ekintzen bidez, eta erakundearen izaera dibulgatiboa, alkarlanerako gaitasuna, eta diziplinartekotasuna bultzatzeko jarrerea goraipatu ditu.
Saritutako lanak irakurri gura izan ezkero, hemen.