Getxoko XXXVIII. Jazzaldia egitarauaren barri emoten hasi da, eta bestek beste, Hiromi Uehara pianista japoniarra eta Diego El Cigala flamenko kantari espainiarra bertan izango dira garagarrilaren 2tik 6ra bitartean. Horrezaz aparte, Michel Camilo, Jack de Johnette eta Natalia Dicenta kantariek be kontzertuak eskainiko ditue.
Talde Lehiaketako, Hirugarren Milurtekoa ataleko eta jam sessions saioak be aukeran izango dira jaialdian. Danetara, 18 saiok osotuko dabe jazzaldia, antolatzaileek aurreratu dabenez. Maiatzaren 5ean ipiniko ditue salgai sarrerak.
Hiromi Uehara sei urtegaz hasi zan musika klasikoa joten, handik urte bira jazz mundua ezagutu eban. Erabilten dauen teknika birtuosoak eta zuzenekoen indarrak egin dabe ospetsu jazz eszenan. Nerabezaroan Txekiako Orkestra Sinfonikoan jo eban, eta ostean Chicagoko Berklee College of Music joan zen, han Ahmal Jamal pianista handia eukan irakasle. Telarc jazz diskoetxe ezagunagaz kontratua sinatu, eta 2003tik aurrera, nazinoarteko hainbat bira egin ditu. Jazz erritmoak doinu klasikoekaz, rock progresiboagaz eta fusino musikegaz buztartzen ditu.
Eszenatokian hirukote formatuan ibilten da, hasieran Mitch Cohn baju-jotzailea eta Dave DiCenso bateria-jotzaileagaz, baina gaur egun, Tony Gray eta Martin Valihora ditu taldekide. Voice diskoa grabau eban hirukote beragaz joko dau Getxon, Anthony Dawson eta Simon Phillipsegaz, hain zuzen be.
Diego El Cigala gaur egungo flamenko kantari ospetsuenetako bat da, Camaron de la Isla handiaren oinordeko nagusiene takotzat joten dabe aditu askok. Rafael Farina abeslariaren lobea da. 1998an argitaratub eban bere lehenengo diskoa, Undebel. Ordutik makinatxu bat genero eta estilotako artistekaz ibili da. 2002an, Fernando Trueba zinemagileak produziduta, Bebo Valdez pianistegaz alkarlanean Lágrimas negras grabau eban. Nazinoarteko ospea lortu eban, Grammy bat, hiru Musika Sari, Ondas sari bat eta platinozko hiru disko Espainia, Argentina, Mexiko eta Venezuelan.
2004. urtean hasi eben nazinoarteko birea, eta urtea amaitu baino lehenago diskoaren 700.000 kopia saldu zituen. Ondoko diskoak kaleratu ditu urteotan: Picasso en mis ojos (2005), Dos lágrimas (2008), Cigala y tango (2010) eta Romance de la luna Tucumana (2013).