Elkar argitaletxeak kaleratu barri ditu Jon Anduezak idatzitako San Ferminetan, Lesakan eta Jon Eugiren Zortzi ipuin gotiko, biak Taupadak izeneko bilduman. Hamahiru urtetik gorako irakurleei zuzenduta dagoz.
Izenburuak berak aurreratzen dauen lez, bildurrezko zortzi ipuin batzen ditu Zortzi ipuin gotiko liburuak. Edgar Allan Poe, Robert Louis Stevenson edo Bram Stoker idazle ezagunen antzera, hainbat gai eta giro erabili ditu egileak bildur sentimendu hori bizteko, dinoe argitaletxeko arduradunek. Gazte-talde batek Halloween gauean kanposantura egindako bisitea, etxe sorginduak, begizkoak eta madarikazinoak, funeraria bateko langilearen ezustekoak, mamuak eta deabruak…
Jon Eugi 1971n jaio zan Elgoibarren. Kazetaria da, eta orain arte abenturazko nobela bat, Piraten uhartea (2009), eta umeentzako ipuin bat, Animaliakeriak (2011), argitaratu ditu.
Jon Andueza Donostiako Bilintx institutura bueltau da, Larunbatean Bukowskin nobela arrakastatsuaren ostean. Oraingoan, DBHko 4. mailako abenturak kontetan ditu. Danel eta Ximon lagunak dira protagonistak, Ximonen andregai Amaia, eta gelako tribu guztietako ikasleak bere bai: apatxeak, komantxeak, txerokiak, txeieneak, moikanoak eta baita payuk despistaturen bat bere. Ikasketa-amaierako bidaia egiteko asmoa daukie, eta dirua lortzeko hainbat ekintza antolatuko ditue. Baina ezusteko batek planak guztiz aldarazoko ditu.