Etxepare Euskal Institutuak 2014. urtean arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko dirulaguntzinoen deialdia zabaldu dau eta bagilaren 30era arte egongo da zabalik; danetara, 53.000 euro banatuko dira, Etxepare Institutuko iturriek jakinarazo dabenez.
Aurten euskerearen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo bestelako ekimenak antolatzea edo horreetan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar erako proiektuak) lagunduko da diruz, beti be horreetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diran egileen lanak erakusten diranean.
Egoiliar proiektutzat hartuko da gitxienez bi asteko iraupena izango dauen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako atondutako lekua izan beharko dau, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta ganerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.
Urteko programazinoak, ezta ohiko jarduntzat hartzen diranak be ez dira aintzat hartuko eta ohiz kanpokotzat jo daitekezan proiektu edo ekimen zehatzak baino ez dira onartuko.
Kontuak kontu, eskaerak aurkezteko epea bagilaren 30era arte egongo da zabalik, biak barne, eta 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diran jarduerak aurkeztu daitekez.
Eskatzaileek nahi beste eskaera aurkeztu leikiez, baina jasotako diru-laguntzino guztien baturea ez da inoiz izango 12.500 euro baino handiagoa. Era berean, ez da inbersino amortizagarririk onartuko, eta, joan-etorri bati jagokozan gastuez gan, egoiliar proiektu bakotxeko emon daitekeen gehienezko zenbatekoa 4.200 eurokoa izango da eta hilebeteko gehienez be 700 eurokoa.
Diru-laguntzinoak lehiaketa bitartez esleituko dira, eta holan emoteko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, deialdiaren 10. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazino erispideen araberako lehentasunak ezartzeko. Balorazinorik altuenak lortzen dituen eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzinoak, harik eta horretarako bideratutako dirua amaitu arte.