Lehiaren Euskal Agintaritzeak 8.000 euroko isuna jarri deutso Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteari (EIZIE), frogatutzat jo dauelako 2001etik 2011ra arte bazkideei prezioen eta zerbitzuak emoteko beste baldintza batzuren gomendio kolektiboa egin eutsela. EIZIE 317 bazkideko itzultzaile, zuzentzaile eta interpreten euskal alkartea da.
Lehiaren Euskal Agintaritzearen arabera, EIZIEk bere webgunean argitaratu ditu idatzizko itzulpenetan, ahozko interpretazino lanetan eta testuen zuzenketetan apliketako tarifak eta zerbitzua emoteko beste baldintza batzuk.
Informazino hori zabaltzea gomendio kolektibotzat hartzen da, eta horren efektua da, alde batetik, zerbitzu emoileen jokabideak bateratzea eta, bestetik, prezioak finkatzeko eragileen ahalmena murriztea.
Lehiaren Euskal Agintaritzeak dino erabiltzaileentzako baldintza onenak bermatzeak eskatzen dauela itzultzaile bakotxak emoten dauen zerbitzuaren baldintzak era indibidualean erabagitea, holan zerbitzu emoileen arteko lehia sorrarazoz.
Kontuak kontu, EIZIEk Lehiaren Defentsarako Legearen 1.1. artikuluak jasotako araua hausi dau, eta isunaren zenbatekoa finkatzeko (8.000 euro), Lehiaren Euskal Agintaritzeak jokabidearen larritasuna eta iraupena kontuan izan ditu. Erispide horreez gan, eta beste elementu batzuren artean, Lehiaren Euskal Agintaritzeak kontuan hartu dau EIZIE ez zala jaubetu egindakoa legez kontrakoa zanik.