EIOk eta Anidan-Bloko del Valle Juniors Bandek 'Afrikatik burrunbea' kontzertu birea hasiko dabe apirilaren 22an

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 16a, 00:00

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) osatzen daben 80 musikari gazteek apirilaren 22an hasiko dabe Afrikatik burrunba aurtengo kontzertu denporaldia, Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorioan. Barrikuntzaz beterik datoz ganera, nagusiena Kenyako 11 perkusino jole gazteren parte-hartzea da. Bloko del Valle alkartearen eskutik ailegau dira Euskal Herrira, Lamu uriko umezurztegitik, hain zuzen be. Donato Goienetxek idatzi eta Tomas Araguesek orkestrarako moldatutako Afrika lanaren estreinaldiko protagonistak izango dira, ganera. Eta EIOK ondoan izango ditu bere bai Donostiako Orfeoi Gaztea.

EAEko hiru uriburuetako musika konserbatorio eta musika eskoletako ikasleek osotzen dabe EIO. Hain zuzen be,15 eta 18 urte bitarteko 80 neska-mutil sartu dira orkestran. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak orain bederatzi urte sortu eban EIO, eta helburu nagusia musika kontserbatorio eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da. Alde batetik, EIOk ikasleen motibazinoa biztu nahi dau, musika ikasketekaz segiduteko; eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emon, azaltzen dan ekimenaren arduradunek.

Apirilaren 22an, Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorioko eszenatokira igon baino lehen entseguak egin beharko ditue Aste Santuan. Aurreko urteeten lez, musikari gazteek Barriako aterpetxean egun batzuk emongo ditue alkarrejaz. Lehenengo egun bietan aterpetxean bertan jardungo dabe, eta ostean orkestra osoaren entseguak egiteko Gasteizera joango dira. Egotaldi honetan Anidan-Bloko del Valle Juniors Band-eko perkusino jole kenyarrak be egongo dira.


Anidan-Bloko del Valle Juniors Band

Bloko del Valle elkarteak Kenyako Lamu urian egiten dau lan, Anidan umezurztegian. Anidan Gobernuz Kanpoko Erakundeak 260 neska-mutil ditu bere ardurapean zentro horretan, eta hortxe kokatu dau Bloko del Valle alkarteak bere perkusino eskola. 2010etik eskola zuzentzen dabe, musika tresnak eskuratu, irakasleak topau eta ikasleei oinarri erritmikoak emon. Gaur egun, eskoleak 50 ikasle ditu, 12 eta 17 urte bitartekoak, eta horreek osatzen dabe Anidan-Bloko del Valle Juniors Band.

Perkusinoa lagungarri jakie gazteoi integrazinorako, euren burua balioetsita sentiduteko, eta autoestimea hobetzeko, dinoe arduradunek. Afrikara perkusinoa eroateak kontraesana dirudi, baina kasu honetan, ez ei da horrela. Oraindino ez daukie musika ikasketarik, baina erritmoa barruan dabe.

Bost kontzertu emongo ditue danetara: apirilaren 22an, Gasteizko Jesus Guridi Konserbatorioan, 19:30ean; hilaren 23an, Madrilgo Monumental Antzokian, 19:30ean; 26an, Donostiako Kursaalen, 20:00etan; 27an, Bilboko Euskaldunan, 12:00etan; eta maiatzaren 4an, Zaragozan, 20:00etan.

Osorik irakurri