Euskal Herriko Unibersidadeko ikasle talde batek Iban Zalduaren Etorkizuna (Erein, 2005), Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) eta Ur Apalategiren Fikzinoaren izterrak (Susa, 2010) ipuin liburuen azterketea egin dabe Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II liburuan. Letren Fakultadeko ikasleok Jon Kortazar eta Eunate Gurrutxaga izan ditue koordinatzaile.
Oihane Calejerok, Eunate Gurrutxagak eta Alazne Landetak aztertu dabe Etorkizuna lana; Mikel Mujikak, Iñigo Otsoak eta Julio Sotok Aulki bat elurretan; eta, Iñaki Beristainek, Ageda Galarragak eta Amaia Elortegik, Fikzioaren izterrak. Eta Ander Gezuragak Bideojhokoen narratiba artikulua idatzi dau. Liburuak batzen dituan lanak 2010-2011 ikasturtean egin ziran, Gaur egungo joerak euskal literaturan ikasgairako. Salbuespena Gezuragaren testua da, 2012-2013 ikasturtean burutu zan eta.
Euskal literaturearen kritikeak gaur egun daukan ahulezia monografien faltea dala uste dau Kortazarrek.Kritiko barrien lanok ahulezia hori neurri txiki batean behintzat konpontzera datoz. Ganera, oso barriak diran liburuetan jarri dabe arretea, eta hori gitxi ez, eta ipuingintzako liburuak dira, askorik aztertu ez dan genero bati buruzkoak, dino.
Euskal prosa aztertuz. Kritiko berrien ahotsa II liburu hau aurrekoaren jarraipena da, eta haren helburuak bete nahi dituela nabarmentzen dabe koordinatzaileek: kritiko barriei ahotsa emon, literaturazaleak aitatu eta egile barrien lana aztertu. Lehenengo lan hori Utriusque Vasconiae etxeak kaleratu eban, hau barriau, barriz, EHUk.