Manex Pagola (Landibarre, 1941) omendu dau aurten Sarako Idazleen Biltzarrak, euskal kantagintza modernoaren aintzindarietako bat izan zalako. 60ko hamarkadatik aurrera, kontzertu ugari emon zituan eta Zazpiribai taldea sortu eban, Hegoaldean arrakasta handia euki eban Ez Dok Amairu taldearen arrastoari jarraituta. Dana dala, 70eko hamarkadearen amaieran, jentaurrean kantateari itxi eta abesti barriak idazteari ekin eutsan. Pantxoa eta Peiok, Maite Idirinek, Anje Duhaldek eta beste askok egin ditue ezagun Pagolaren kantak. Urtxintxak, Azken dantza, Eñaut Bidegorri, Ez dut bilatzen eta beste hainbat Euskal Herri osoan kantetan dira. Abesti aldarrikatzaileak egin ohi ditu. Biltzarreko saria jaso dauen atxakiagaz, Manex Pagolagaz egon gara Saran.
1.- Non ikasi zenduan kantuan?
Abadegai izan nintzanez, eleizako kanta asko ikasi nituan, eleizan abesten neban eta han ikasitakoagaz egin neban aurrera.
2.- Zelakoa zan euskal giroa Bigarren Mundu Gerrearen osteko Nafarroa Beherean?
Inpresinoa emoten eustan euskal giroa bazala, euskal txokoak, baina Euskal Herririk ez zala. Han Frantzia baino ez zan aitatzen. Jenteak ez eukan burua horretan, dirua egitean eta holako gauza materialetan pentsetan eban. Herria bizi zan zapalduta, konturatu barik zapalduta egoala.
3.- Zuk, baina, Euskal Herria aldarrikatzeari ekin zeuntsan zeure kantetan...
Euskal kanta zaharrak maite nituan, baina ikusten neban gaien aldetik nahiko mugatuta egozala, pentsau neban ha zeharo barritu behar zala. Baegozan batzuk horretan hasiak ordurako, Etxahun Iruri, Mixel Labegerie, han hemenka baziran kantu egile batzuk. Belokeko fraileek be, euren moduan, egiten eben zeozer. Baegoan sorkuntzarako gogoa. Ni apurka-apurka hasi nintzan, lehenengo lagunen artean kantau, konfiantzea hartu eta aurrera.
4.- Zer gomuta dozu kantari zinaneko sasoiaz?
Garai nekagarriak izan ziran, hasierea zalako. Pazientzia behar izan genduan. Hasi ginanean, askok ez eben ulertzen zer esaten genduan be, bateko aberria, besteko Euskadi, kartzela, zer ete dira horreek?, inoan jenteak. Askok espainolak ginala uste eben. Baina guk bagenkian zuzen genbilzala. Emonaldietara etorten ziran 100 edo 150 persona, baina urteen poderioz, jentea jaubetzen hasi zan eta azkenetan asko etorten ziran. Baegoan nazkatutako jentea, beste zeozer eskatzen ebana eta holan heltzen ziran gugana.
5.- Zazpiribai proiektuagaz zer lortu nahi izan zenduen?
Zuberotarrek sortu eben ikuskizun bat, Biper Beltx, oso aurrerakoia, maila onekoa eta ausarta. Gai sozialak abilidadez sartzen zituen, gorputz espresinoa be erabilten eben. Dei egin eusten niri, euren ikuskizunean hiru kanta abesteko, asko ikasi neban. Gero, Zazpiribai sortu genduan, arrakasta handiz. Zeozer atsegina egin nahi genduan, ez zan abertzaletasuna huts-hutsean sartzea, euskal gaiek balioa eukiela erakustea baino. Kantua, bertsoa, ipuinak, musikea eta abar batu genduzan.
6.- Halandabe, jentaurrean kanteteari itxi zeuntsan eta letrak idaztera mugatu zenduan zeure ibilbidea. Zergaitik?
Konturatu nintzan Pantxoa eta Peiok, eta beste batzuek, nire kantak nik baino hobeto abesten zituela. Pentsau neban onena zala euskal kantagintzarako, eurek erabiltea neure sorkuntzea. Ganera, sasoi haretan politika kontuetan dezente sartu nintzan, bietara egotea gatxa zan.
7.- Zure kanta asko oso ezagun egin dira. Zer sentiduten dozu musikazaleak zure doinuren bat kantetan entzuten dozuzanean?
Poztasun handia, erakusten deust egin dodan bidea eraginkorra izan dala. Nik ez dot nahi jentea hamar aldiz abestiak entzuten etortea, nire abestietako letrak errazak dira, nahi dot jenteak tabernan eta familietan kantetea, arin ikastea. Horregaitik, beti letra errazak egin izan dodaz.
8.- Zertarako idazten dozuz kantak, zer eragin nahi dozu gizartean?
Gutako gehienak kantari militanteak izan ginan, nahi genduan euskal aberria ezagutarazotea, gure historiari, gure kultureari begiratzea. Nire helburua beti izan da euskaldunon berezitasunetara bueltetea, gero eta ahaztuago dagoz eta.
9.- Sarako Idazleen Biltzarreko saria emon deutsue, zer sentidu dozu?
Poza. Ganera, ekitaldi hunkigarria izan da, sinplea eta herrikoia, poztasuna emon deust horrek eta ahaleginduko naz sari horri ohore egiten.
10.- Sarako Biltzarra lako topaketak zelan ikusten dozuz?
Oso beharrezkoak dira holakoak, herriko ekintzaileak batzea, bakotxak bere modura idea bat marraztea. Alkarlanak asko balio dau, neketsua da, baina alkarlanetik kanpo herri lan gitxi egin leitekez.
11.- Gazteek gero eta euskera gitxiago egiten dabe, horrek kezkatzen zaitu?
Neurri baten kezkatzen nau, baina beste alde batetik ez. Ez daukat etsipenik, ze uste dot gure problema asko konponduko dirala Euskal Herriak bere burujabetasuna lortzen dauenean. Gazte askok gaur ez baldin badakie euskeraz, sistemeagaitik da, sistema hau zeharo arrotza dalako. Guk geure sistemea behar dogu eta puntu horretatik abiauta, gure problema askok urtenbidea eukiko dabe, euskereak be bai. Gazteek eskoletan ikasiko dabe euskeraz, beste hizkuntzakaz batera, baina euskerea lehenengoa izango da. Gatxa eta luzea izango da, baina lan handi guztiak beti dira gatx eta luze, ez da etsi behar.
12.- Gaur eguneko euskal musikariak jarraitzen dozuz?
Ez asko, baina badodaz erreferentziak, irratiak-eta entzuten dodaz. Alde horretatik pozik nago, uste dot badagoala kalidadea, itxaropentsu nago. Sorkuntza ederra badago, alor askotan. Baina barrikuntza horreek kostua daukie, bai diruz, bai ahaleginez. Horregaitik, agintariei eskatzen deutset askoz gehiago egiteko euskal musikagintzea, zein argazkilaritzea, zein antzerkia, holakoak sustatzeko. Adibidez, Frantziak ez dau bape laguntzen Ipar Euskal Herrian, injustizia kultural handia da.