Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren zortzigarren edizinoa ipini dau martxan gaur, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, hainbat euskera alkarte, udal, liburutegi eta liburu dendagaz batera. Eusko Jaurlaritzea, Bizkaia eta Arabako diputazinoen eta udal batzuen babesa dauka ekimenak.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu Euskal Herriko 42 herritara zabalduko da, bagilaren 30era arte. Irakurzaletasuna bultzatzea da egitasmoaren helburu nagusia, herritarrak euskerazko liburuak irakurten animetea. Aurten hedapen nabarmena izango dauela azpimarratu dabe antolatzaileek, izan be igaz baino herri gehiagotan izango da martxan.
Kanpainan parte hartzeko irakurleek hiru pausu emon behar ditue. Lehenengo pausua irakurtea da, euskeraz irakurtea, eta horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Ostean, bigarren pausuan, liburua irakurri ondoren, liburutegira bueltau eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan dan irakurritako liburua eta zer eratxi daukagun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txekea emongo deutso irakurleari, berbatutako liburu dendan erabilteko.
Azkenengo pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelagaz, euskerazko beste edozein libururen prezioaren % 25 ordaintzeko aukerea izango da. Kanpainea bagilaren 30ean amaituko da, baina txekeak garagarrilaren 5era arte erabili ahal izango dira.
Aurten 42 herritan izango da martxan ekimena. Eskualdekako hedapenari emon deutsie lehentasuna antolatzaileek. Halanda ze, Bizkaian ondoko herriek parte hartuko dabe: Atxondo, Bilbo, Derio, Ermua, Larrabetzu, Mallabia, Mañaria, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Zamudio. Araban, Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Maeztu, Urkabustaitz, Zigoitia eta Zuian egongo da martxan. Gipuzkoan, Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Mutriku, Segura, Soraluze, Olaberria, Ordizia, Orio eta Zaldibian egingo da ekimena, eta Nafarroan, Altsasu, Araitz, Arbizu, Irurtzun, Gares, Basaburua, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Tafalla, Urdiain eta Ziordian.
Aurreko urteetan ikusitakoaren arabera, antolatzaileen esanetan, kanpaineak eragin positiboa dauka herritarrek herriko liburutegian egiten daben euskerazko liburu maileguen erabileran. Egitasmoaren helburuetako bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Modu berean, ekimenak liburuen salmentan izaten dauen eragina be kontuan hartzekoa da.
Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren inguruan bestelako literatur jarduerak be antolatuko dira, barriketaldiak idazleekaz, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar.