BizkaIdatz literatura-sarien seigarren edizinoko irabazleen barri emon dau Bizkaiko Diputazinoak, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Euskerazko kategorian Uxue Agirre Madariaga bilbotarrak lortu dau saria, eta gaztelaniazkoan, Barakaldoko Elena Fernandez Alonsok. Irabazleek 1.500 eurona jasoko dabe.
Sariketako parte-hartzaileek idazle bik proponidutako testu baten jarraipena osotu behar izan dabe, euskerazkoek, Yurre Ugartek idatzitako Ordezko kazetaria lanarena, eta gaztelaniazkoek, Esther Zorrozuaren Dos anémonas azules-ena.
Euskerazko lanean epaimahaikoak Yurre Ugarte bera, eta David Tijero eta Ana Urkiza idazleak izan dira. Uxue Agirreren istorioari emon deutsie saria, eta bigarren saria eta finalistea emon barik ixtea pentsau dabe. Gaztelaniazko kategorian Esther Zorrozua, Ivan Repila eta Alejandro Fernandez idazleek osotu dabe epaimahaia. Bigarren saria Jose Ignacio Ceberiori emon deutsie, eta Sorkunde Barandiaranen eta Pilar Pallaresen kontakizunak ex aequo finalista izentau ditue.
Aurtengo edizinoan, bikoiztu egin da jasotako kontakizunen kopurua; danetara, 85 jaso dira (74 gaztelaniaz eta 11 euskeraz). Gehienak emakumezkoek idatzitakoak izan dira, 55 hain zuzen be.
Irabazlek 1.500 euro jasoko ditue, eta bigarrenak, 500 euro. Apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatzeko editautako liburu batean argitaratuko dira kontakizunak. Sari-banaketea maiatzaren 8an izango da, Bizkaiko Foru Liburutegiko areto nagusian.
Idazle ezagunek hartu dabe lehiaketan, hasierako abiapuntu testuak idatziz, berbarako: Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Katixa Agirre eta Goizalde Landabaso euskeraz, eta Nerea Riesco, Maria Eugenia Salaverri, Oscar Alonso, Alex Oviedo eta Juan Carlos Marquez, gaztelaniaz.