Bilboko eraikin berezienetako batzuk ezagutzeko aukerea dago bisita gidatuen programeagaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 23a, 00:00

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bertako historia sakonago ezagutzeko aukerea eskaini nahi deutse barriro be bilbotar guztiei, maiatzean, bagilean eta irailean Miserikordia Etxea, zezen-plazea eta Basurtuko Ospitalea ezagutzeko antolatuko dituan dobako bisita gidatuen programearen bitartez. Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dabe, eta gaztelaniaz egingo dira astelehenetan eta eguenetan, 10:00etan eta 18:00etan, eta martitzenetan eta eguaztenetan, 17:00etan eta 18:45ean; eta barikuetan euskeraz, 10:00etan taldeentzat eta 16:30ean partikularrentzat. Ekimenean parte hartzeko, derrigorrezkoa da 010 (944 010 010) informazino-telefonora deitu eta erreserbea egitea.

Edizino honetan, arkitektura-balioa hasiera-hasieratik balio historikoagaz eta eginkizun sozialagaz buztartzen daben hiru eraikin aukeratu dira. Maiatzean, Miserikordiaren Erret-Etxe Santua izango da bisiten ardatz. Erakunde hau ondo errotuta dago Bilboko historian, eta Athleticeko jokalariei emoten jaken lehoiak goitizena, bertan dagoan San Mamesen omenezko kaperatik dator, martiri hau lehoiek janda hil baitzan.

Gaur egun hirugarren adinekoentzako egoitzea izan arren, jatorriz (1774an) behartsuentzako aterpetzat sortu zan Zingira kalean, baina mende bat geroago, instalazinoak handitu eta lekuz aldatu behar izan zituen. Miserikordia Etxea izan zan Zazpi Kaleetatik kanpora Zabalgunean finkatu zan lehenengo ekipamendua. Erakundearen izaera aitzindariari erreparauta, uriaren zabalkundearen arduradunek erreferentziatzat hartu eben Antonio Goikoetxeak diseinau eta Amadeo I.a Saboiakoa erregeak inaugurautako eraikin neoklasiko hau (ukitu neobarrokoak eta lorategi erromantikoak dituana) gaurko Kale Nagusia zarratzen daben kaleen trazaketea egiteko.


Zezen-plazea bagilean eta Basurtuko Ospitalea irailean

Vista Alegre zezen-plazea Miserikordia Etxeagaz lotuta dago hasiera-hasieratik, eta batutako diruaren erdia emoten deutso. Zezen-plazea bagilean ezagutzeko aukerea izango da. Oraingo plazea hirurogeiko hamarkadearen hasieran eregi eben 1882an eregi eta sute batek kiskalita itxi eban aurreko plazearen gainean. Euskadiko plazarik garrantzitsuena da, 14.752 personarentzako lekua dauena, eta horren barruan batutako bitxikerien artean, Zezenketa Museoa eta toreatzaileek urten aurretik errezetako erabilten daben kapilea nabarmendu daitekez.

Udaldiaren ondoren, programea irailean bueltauko da, Basurtuko Ospitalerako bisita gidatuen bidez. Jatorriz, Bilboko Ospital Zibil Santua izenaz ezagutzen zan 1908an, modernidadearen ikur bilakatu zanean. Zentroa Bilboko goi-mailako familiek dohaintzan emondako pablioiez osotuta dago, pabilioi bakotxak jagokon emoilearen familia-izena daroa, eta berealdiko barrikuntzea izan zan sasoi haretan, osasun arloko erispìde zorrotzei jarraituz eregi ebelako, espezialidadeetan (pabilioitan) banatuta, infekzinoen kutsadureari aurre egiteko asmoz. Bertan lan egiten eben Enrique Areilza doktorearen kategoriako medikuek, eta Miserikordia Etxeagaz lotuta be egon zan, Gregorio de la Revilla buru eban Karidade-Batzordeari esker. Bisitan pabilioi guztiak lotzen dituan lurpeko pasabide-sarea edota dokumentuak garraiatzeko sistema pneumatikoa ezagutu ahal izango dira.

Bisita gidatua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbao Izan programearen barruan, antolatzen dituan jardueren barruan gauzatzen dira, Bilboren benetako izaerea ezagutzera emoteko asmoz: bere ibilbide historikoa, kulturea, persona ezagunek itxitako lorratza, ondare artistikoa, uriaren antolaketea, auzoen historia bitxia eta bere kale eta txokorik ezagunenak.

Osorik irakurri