Autopista dotorea bigarren mailako errepide bihurtu eta azkenerako bidezidorra baino ez da. Baina Wuling furgoneta txikia saltoka doa lekutako Yunnan Txinako probintzian zehar Myanmarreko bidean. Ezustean, gidariak furgonetea geratu dau aurrez aurre Askapenerako Armadearen lur orotariko bat agertu jakolako. Hasierako tensino momentu laburraren ostean, militar bat ibilgailutik bajatu eta eskuagaz keinu egin deust hurreratzeko eta ibilgailuaren atzeko aldean jesarteko. Ibilbidearen azken zatia galarazota dago atzerritarrentzat eta makinatxu bat kontrol dagozanez, lur orotariko ibilgailuan makurtuta, ezkutuan egin behar da bide zati hori.
Arriskua ustez desagertzen danean, lur orotarikoak galgea emon eta hara non agertzen dan furgoneta txikia; militarrak berari jagokona kobrau eta aurrera goaz txinatar ibilgailu zaharrean eta muga naturala osotzen dauen errekan, harritzarrakaz egindako zubia zeharkatu dogu. Txina atzean itxi eta Myanmarren sartu gara. Han zain izan dogu jeep berde zahar bat. Barruan doazenen jakeetan, KIA, Kachin Armada Independentistearen fondo gorri eta berdearen gaineko sable bi agertzen dituen bereizgarriak ikusi dodaz. KIA da herrialdean diran 20 bat talde armatuen artean, armada erregularraren kontra burrukan dabilen bakarra.
Gerrea agirikoa da Laizan, KIO, Kachinen Independentziarako Erakundeko gerrilariek euren gobernuaren egoitza ezarri daben herrian. Metrailadoreak eta granada-jaurtigailuak bazter guztietan dagoz eta kanpoaldeko trebakuntza zentroetan ez dagoz gora adi, izan be, Armadea eraso bizian dabil KIAren kontra eta hildakoak ugari dira. Gobernuak su etena proponidu dau herrialde mailan bake prozesua abiarazoteko asmoz eta guk ondo ikusten dogu hori baina aurrez aurrekoetan ez dago etenik eta guk geure burua defendidu behar dogu azaldu dau GunMaw, matxinatuen generalak.
Handik hur, Jeyangen, baztertuen eremuan, Gobernuaren soldaduen ekinaldien erruz euren etxebizitzak itxi eta alde egin behar izan daben kachin etniako 8.500 bat lagun bizi dira egoera negargarrian. Myanmarreko militarren basakeriak zur eta lur ixten zaitu. Herriak birrintzen jarraitzen dabe, emakumeak bortxatzen eta etxebizitzetan topetan daben guztia ostu eta etxebizitzak erre eta birrintzen. Munduak ez daki hemen zer jazoten dan eta birmaniarrak eurak be ez esan deust Labang Dai Pisa jn.ak, dagoeneko 82.000 baztertuen babesleku diran eremuetako administratzailea dan erakundeko zuzendariak.
LahtawZan San da horreetako bat. Inguruko eskola bakarreko irakaslea da eta KIOren dotrinea erakusten dau. Hilean 20.000 kyats (15 bat euro) eta arroz apur bat irabazten ditu. Ez da nahikoa sei senitartekoei jaten emoteko autortu dau. Baina militarren tiroak hartzea ez da hobea. Gaur egun ezin gara bueltau gure etxeetara Armadako soldaduak hur dagozalako eta badakigulako zer egiten daben: jentea tirokatu eta etxeetan topetan daben baliozko gauza guztiak eroaten ditue.
Duda barik, Laiza eta inguruetan ez dago itxaropenerako motiborik herrialdearen beste leku batzuetan 2010ean demokratizazino prozesua abiatu bazan be; orain lau urte Batzorde Militarrak etena iragarri, gobernu zibil plantak egin eta iruzur hutsa izan ziran hauteskundeetarako deia egin eban. Transizinoa datorren urtean amaitu beharko litzateke 1990etik egindako lehenengo hauteskunde demokratikoak tarteko. Orain ia 24 urteko hauteskundeetan, Aung San SuuKyi, Demokraziaren aldeko Liga Nazionaleko liderrak irabazi arren, militarrek ez zituen emoitzak onartu. Demokraziarik ez da gitxiengo etnikoen legebidezko helburuak errespetetan ez badira adierazo dau GunMaw jn.ak. Eta guk ezin dogu atzera egin, bardintasun printzipioan oinarritutako benetako estadu federala nahi dogu.
Hori da Myanmarretik alde egin aurretik, britainiar kolonizatzaileek agindu ebena; eta hori da aurrerago idenpendentziaren aitatzat hartzen dan Aung Sanek eta Aung San SuuKyik aldarrikatu ebena. Baina aitatu sistema hori errealidade bihurtzeko asko falta da eta horregaitik herrialdeko 135 talde etnikoetako askok armak hartu ditue Gobernuari aurre egiteko. Danak bat eginda 100.000 lagun inguru dira eta baliabide naturaletan oso aberatsa dan Myanmar inguraldearen zati handia kontroletan daben arren, batasun falteak ez deutse bape mesederik egiten.