Maiatzaren 9, 10 eta 11an izango dan Arrigorriagako Nazinoarteko XIX. Clown eta Pailazoen Jaialdiaren egitarauari aurrea hartuko deutso, datorren apirilaren 28tik hasita jaialdia amaitu bitartean, Gorakada antzerki taldearen istorioa laburbatzen dauen erakusketeak: Gorakada 25 urte (1987-2012).
Eskularru-txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat izan dira taldeak lanetan erabili dituan teknikak zein estiloak. Horren lekuko legez, antzezlan esanguratsuenetako txotxongilo zein eszenografiak ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratuko diranek: Titirikontu, Gondola Misteriotsua, Jim Altxor Uhartean, Robin eta Hood, Irudimendeko Hiria, Cyrano, edota Ogro Txikia, besteak beste.
Erakusgaien aukeraketa lan mardula izan da, kontuan hartuta konpainiak 25 urteotan 23 ikuskizun taularatu, 1.900 emonaldi baino gehiago eskaini eta Euskal Herriko, estadu espainiarreko zein nazinoarteko jaialdi desbardinetan parte hartu dauela.
Hasiera hasieratik, familiei zein umeei zuzendutako lanak eszenaratu ditue, abenturaz eta magiazko munduak sortuz. Eta hori bera da erakusketa honek islatu nahi dauena, bertaratuko dan bisitaria abentura, magia eta ilusinoz beteriko mundu liluragarrian sartuko da.
Gorakada 25 urte (1987-2012) ikusgai izango da Arrigorriagako Udaletxeko Erakusketa Gelan apirilaren 28tik maiatzaren 12ra, astelehenetik zapatura 18:00etatik 20:00etara eta domekan 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketea Arrigorriagako Nazinoarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiaren XIX. edizinoko lehenengo jarduerea bada be, maiatzaren 9, 10 eta 11an zehar ez da faltako umorea, pailazoak, akrobaziak, musikea... Danetara, 13 ikuskizunez gozetako aukerea egongo da eta tartean estadu mailako 3 estreinaldi eskainiko dira eta Euskal Herri mailako beste hiru.