Naia del Castillo artista bilbotarra dogu Bilbao Artek aurten antolatu dauen produkzino propioko bigarren erakusketako protagonista. Fluxuak izenburupean, emakumearen inguruko lan eskultoriko eta fotografikoak batu ditu, 2013an Bilbao Arteko egonaldian egindako lanaren emoitza moduan, aurten lehenengo aldiz aurkeztuko dituan beste lan batzuekaz batera.
Erakusketa hau jentearentzat zabalik egongo da Bilbao Arteko erakusketa-gelan, gaur hasi eta maiatzaren 16ra arte, 17:30etik 20:30era bitartean astelehenik barikura, eta 11:00etatik 14:00etara bitartean zapatuetan.
Naia del Castillo da, 2013an bekea jaso eben 26 artisten artean, aurtengo edizinoko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an dauen aretoan banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu dituan zazpi artistetako bat. Aurten, 31 artista eta 2 kolektibo artistiko egiten dagoz egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsezan bekei esker.
1975ean Bilbon jaioa, Naia del Castillo Arte Ederretan Lizentziatua da Euskal Herriko Unibersidadean eskultura alorrean eta Arte Ederretako Master bat egin dau ohorezko matrikuleagaz Londreseko Chelsea College of Art and Design-en. Hainbat erakusketa egin ditu, bai kolektiboak eta bai indibidualak. Beste askoren artean: 12 artistas en el Prado El Prado Museoan (2007), Ofrendas y Posesiones Madrileko Distrito 4 galerian -Erakusketa onenari Saria Off Zinemaldia PhotoEspaña05-, Altered perceptions Hong Kong-eko Ilivetomorrow Gallery-n (2011) edo Desplazamientos Mexico DF-ko Casa Galeria-n (2012) adibidez.
Emakumeak bere burua aurkezteko egiten dauen irudiaren erabilerea da Bilbao Arteko erakusketa honen ardatza. Irudi fotografikoa da lanean erabili dodan materia, inprimatuz eta barriro argazkia ateraz, irudia biderkatuz, azaldu dau artisteak. Erakusketearen izenburua, Fluxuak, irudi fotografikoetan egiten dan uraren erabilereagaz lotuta dago, urez inguratutako emakumeen lehengo argazkietatik hasita. Uragaz sublimearen idea landu nahi neban, nabarmendu dau Del Castillok.
Emakume irudien barrualdea eta kanpoaldea erakustea da helburu nagusia, baina nortasun-geruzakaz batera, erakusketeak bitarteko fotografikoaren ugaltze-ahalmena be islatzen dau.
Erakusketearen barruan, 20 segundo izeneko lana be jarri da ikusgai. Lan bitxi hau hormak apaintzeko papelean inprimidutako bideo-sekuentzia bat da, bolumen eta mobimentu sentsazino bikotxa eragiten dauena.
Lehenengo aldiz, Naia del Castillok Bilbao Arterako propio landu dauen Zakuak instalazinoa erakutsiko dau. Pieza ugari dira, urpean biraka dabilzan emakumeen gorputzen argazkiak, zaku horreen formeagaz bat egiten daben airez betetako gorputzak, gatibu daukazan forma horretarik iges egin nahi balebe lez, nabarmendu dau artisteak.
Emakumeak dira artista honen lanaren ardatz. Bere esanetan, emakumeak artean izan dauen irudia karga kultural handikoa da. Autorreferentzia legez be interesetan jat, nire lanak munduagazko hartu-emonen birplanteamenduak baitira. Nire lanetan emakumea agertzen da, emakumea nazelako eta islatuta sentiduten nazelako.
Naia del Castilloren erakusketa honen ondoren, Bilbao Arteko aretoan honako erakusketa honeek antolatuko dira: Carla Andrade artistearen Oihartzunen geometria, maiatzaren 23tik bagilaren 13ra; Hasta la bandera Juan Pablo Ordúñez artistearena (bagilaren 20tik garagarrilaren 11ra); Waiting for loading, Hélène Duboc artistearena (irailaren 5etik 26ra); 18/19/2013 Eriz Moreno artistearena (urriaren 3tik 24ra); eta Guardianes Mika Murakami artistearena (urriaren 31tik zemendiaren 21era).