Aurrera doa .eus domeinua, daborduko hasi dabe erabilerea gizarteratzeko fasea. 90 aitzindari izango ditu .eus-ek, eta norbanako, alkarte, erakunde publiko edo enpresak izan daitekez. Proposamenak bialtzeko epea maiatzaren 30ean amaituko da, zapatuan Bilbon emondako prentsaurrekoan adierazo ebenez.
Aitzindarien Programearen helburu nagusia .eus domeinuaren sustapena da, ekimenaren arduradunen esanetan. Fase esklusibo honetan parte hartzeak ekarpen ekonomiko berezia dakar, ekarpen hori finantzarioa edo espezietan egin ahalko da. Honek, bide batez, proiektua ekonomikoki laguntzea be ahalbidetuko dau, azaldu dabe.
Lau moltso zehaztu ditue, eta bakotxaren izaerearen araberan, gitxieneko ekarpena ezarri da: norbanakoek, 300 euro; euskerea eta euskal kultureare sustapena jarduera nagusi daben entidadeek, 500 euro; erakunde publikoek, 3.000 euro; eta, enpresa eta helbideek, 5.000 euro.
Proposamenak info@domeinuak.eus helbidera bialdu behar dira, maiatzaren 30a baino lehen. Bagilaren 21erako prest egongo dira .eus domeinua daukien webguneak, sei hilebetez aktibo egongo diran .eus domeinu-izen bakarrak izango dira. Aitzindariak aukeratzeko, ikusgarritasun eta aniztasun erespideak izango ditue kontutan.
Gizarteratze kanpainea abenduaren 3an amaituko da, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, hain zuzen be. Orduan, edonork eskatu ahal izango dau .eus domeinua, baina baldintza batzuk bete beharko ditue, berbarako, euskerazko edukiak izatea edo euskerazko bersinoa behintzat izatea.