Pedro Olea zinemagile bilbotarrak 1966an filmau eban La Ría de Bilbao dokumentala ikusgai izango da gaur, martitzena, 20:00etan (dobako sarrerea), Bilboko Mariaren Bihotza Plazan kokatutako San Frantziskoko Auzo Etxean, Zinebi Bilboko Nazinoarteko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Jaialdiaren eta Aldauri Fundazinoaren ekimenez. Ekitaldiak aukera parebakoa eskainiko dau, zuzendariaren beraren laguntzaz, TVErentzat filmau eta Itsasadarraren bi aldeetako orain ia 50 urteko bizimodua islatzen dauen film bitxi hau barrikusteko.
Dokumentalak, Bilbotik Abraraino, Itsasadarraren bi aldeetan bizi ziran sasoi haretako jenteen ohiko jarduna islatzen dau: Bilbo Zaharrean jardunean egozan meategi zaharrak, gaueko distira bizian bizi zan Palanka, Piru Gainzaren garaiko Athletic gogoangarria, Zazpi Kaleetako txikiteoa, Bilboko Burtsako gorabeherak, Sestaoko Labe Garaiak, Barakaldoko giroa... Hamarkada haretako gizarte-bizimoduaren erretratu bizia, poesia sozialaz kutsatutakoa. Film bitxi honen proiekzinoa, Pedro Oleak berak filmaketaz eta 60. hamarkadako Bilbori buruz gorde dituan gomuten inguruko iruzkinez aberastuko da, izan be, zinemagileak ekitaldian parte hartuko dau.
Ekimen hau Zinebigaz batera sustatu dauen Aldauri Fundazinoa, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako gizarte sareagaz lotutako alkarte eta persona desbardinen esperientziatik eta lanetik sortutako erakundea da. Azken urteotan bultzatutako gizarteratze eta lan-munduratze arloko eta toki-garapeneko hainbat proiektu batzen ditu, eta ekonomia sozialaren printzipioetatik, alkartasunetik eta herritarren partaidetzatik, ingurunearen erreabilitazino integrala eta garapen komunitarioaren mesedeko lan arloko ekimenak eta partaidetza-esparruak sustatu nahi ditu.