Asier S.S., Iraia O.V., Unai T.C., Dafne R.G., Aretx I.O., Noa G.L., Amets M.C., Amaiur T.J., Mireia J.S., Eunate B.Z., Eider S.M., Xabat E.A., Oier L.Z., Suan A.B., Mikel J.G., Hegoi A.J., Hugo C. ... holan 466 arte. Horreek dira, izen abizenakaz, datorren ikasturtean euren auzoan euskeraz matrikulatuak izatea nahiko leukien umeak. Holan adierazo eben ume horreen gurasoek martiko matrikulazino kanpainan: auzoan euskerazko eskaintzea balebe euskeraz matrikulauko leukiezala beren seme-alabak.
Baina behin eta barriro salatu arren, Iruñeko Udalak euskeraz 160 plaza baino ez ditu eskaintzen eta guztiak Txantrean dagozan bi eskoletan, ganerako auzoetako eskoletan plaza bakar bat be ez. Hori da Iruñeko udalak euskerazko eskaria ezkutatzeko, ikustezin bilakatzeko, darabilen trikimailua. Izan be, jakin badaki, auzo guztietan euskerazko aukerea eskainiko baleu eskaria hiru halako edo gehiago izango litzatekeela. Hori Udalak jakin badaki, euskalgintzeak aurten egin dauen gauza bakarra eskari hori agirian ixtea da, Udalaren aitxakia merkeak inoiz baino agiriago itxita. Bada, aurten be, Udalak bere estrategia lotsagarriagaz jarraitzen dau, euskerazko plaza gitxi eta guztiak auzo bakarrean eskainiz, euskerazko benetako eskaria ezkutuan mantendu nahi dau.
Gero eta gehiago dira beren seme-alabak euskeraz hezteko erabagia hartzen daben Iruñeko eta Iruñerriko gurasoak baina Udalaren trikimailu edota azpikeria honen ondorioz, urtero ehunka guraso nahi hori gauzatu ezinik gelditzen dira. Izan be, Udalak badaki plaza gitxi eta guztiak auzo berean eskainiz, gauzak gatx jarten jakezala gurasoei; asko dirala beren seme-alabak egunero-egunero Donibane, Iturrama, Arrosadia edota Etxabakoizetik Txantreara eroan eta ekarriz ibili ezin daitekezan gurasoak; asko dirala lanera joan aurretik bidaia horreetan denporea galtzen ibili ezin daitekezanak, asko dirala ume bat auzoko ikastetxean hasia izanik bestea Txantreara eroan eta ekarriz ibili ezin daitekezanak... Hori guztia Iruñeko udalak badaki, izan be, tristea eta sinisgatxa izan arren, horrexegaitik egiten dau. Hori guztia dakielako egiten dau hain eskaintza urria euskeraz eta guztia Iruñeko mutur batean, euskerazko benetako eskaria ezkutatzeko, euskerazko benetako eskaria zapuzteko.
Hori izan da azken urteotako Udalaren atxakia, euskerazko eskaria mugatua dala eta horregaitik ez dauela zabaltzen euskerazko eskaintzea. Bada, aurten herri mobimentuak egin duen datu batzeak Udalaren atxakia hori baino ez dala frogatu dau, atxakia hutsa, zuztarrik ez dauen atxakia merkea. Izan be, emoitzea argia izan da: guraso guztiakana heltzeko aukerarik ez izan arren (datu batzea Erraldoien Txokora hurreratu ziran gurasoen artean baino ez zan egin) auzoan euskerazko aukerea izan balebe beren seme-alabak euskeraz matrikulauko zituela adierazo dabe 466 umeen gurasoek. Horreen guztien nahi argia jaso dogu, izen abizenakaz, eta horien guztien nahia helarazo deutsagu gaur Iruñeko Udalari, guztien eskariak Udaleko erregistroan aurkeztuz.
Bestalde, badakigu Udalak oraintsu ume eskolen matrikulazinoari buruzko datuak iragarri dituala. Udalak dino 1.087 plazetatik 514 plaza aurreko urteko umeakaz bete dirala eta aurten 573 plaza barri atera dituala, eta plaza barri horreetarako izena emon dabenak 827 izan dirala. Bada, datu horreek kontuan hartuz eta herri mobimentuak egindako datu batze prozesuko emoitzak eskuan, esan daiteke izena emon dabenen % 56ak euskerazko eskolea nahi dauela, hau da, erdiak baino gehiagok beren auzoan euskerazko aukerea izan balebe beren seme-alabak euskeraz matrikulauko leukiezala.
Herri mobimentuak argi eta garbi frogatu dau Udalak esaten dituan horreek (euskerazko eskaria mugatua dala, euskerazko eskariaren % 82 asetzen dala...) guzuur hutsak besterik ez dirala, atxakia merkeak, egia ezkutatzeko trikimailuak.
Beste behin, Udalak ez dau benetako eskaria zenbatekoa eta zelakoa dan jakiteko bitartekorik jarri. Herri mobimentuak frogatu dauen lez, informazino hori batzea benetan erraza dan arren, ez dau egin nahi izan. Aurreinskripzino orrietan bi galdera egitea bezain erraza: Zein auzotako ume eskolan matrikulau nahi dozu zure seme-alabea? eta Zein hizkuntzatan?. Udal batzak birritan agindu deutso Udal gobernuari aurreinskripzino orrietan informazino hori batu daiala baina Udal gobernuak bereari eustend eutso, jakin badakielako, hori egin ezkero, urtez urte ezkutatu dauen errealidadea agirian geldituko dala, hau da, eskariaren erdia baino gehiago euskerazko eskaria dala.
Bada, Iruñeko Euskalgintzeak errealidade hau mahai gainean jarri deutso Udal gobernuari: izen abizenakaz, 466 umeen eskariak banan banan aurkeztu doguz Udal erregistroan. Era berean, dagoeneko arloko arduraduna dan Fermin Alonso zinegotziagaz bilerea eskatu dogu eta Udalean gaiari buruzko lan-saioa egiteko eskaria egin dogu. Gure helburua argia da: 2015-2016 ikasturtean euskerazko eskaintzea Iruñeko auzo guztietan.