Bilbao Art District ekimena tarteko dala, kulturea uriaren eragile sozial eta ekonomiko lez sustatzeko asmoz, eta herritarrei eta bisitariei artez eta entretenimenduz beteriko egun bi izateko aukerea eskainiko jake. II. Arteen Astegoienean, dobako sarrerea daben museoak, kaleko musikea, performanceak, artistakazko topaketak erakusketa-aretoetan eta galerietan, berbaldiak eta tailerrak izango dira maiatzaren 2an eta 3an.
Hiriko hiru museo ospetsuk beren ateak zabalduko ditue doban ordutegi berezietan. Guggenheim Bilbao Museoan Yoko Ono, Half-A-Wind Show. Atzera Begirakoa erakusketea bisitau ahal izango da maiatzaren 3an, zapatuan, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 22:00etara bitartean. Erakusketa horrek 200 obra baino gehiago batzen ditu, arte kontzeptualeko eta performanceko aitzindaria dan artista horren ikuskera osoa eskaintzen dabenak. Horrezaz gan, Arte Eder Museoak dobako sarrerea izango dau maiatzaren 2an, barikuan, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 21:00etara bitartean. Horri esker, Markus Lüpertz Alemaniako artisearen erakusketea bisitau ahal izango da, ia ehun pinturek, eskulturek eta papel gaineko obrek osotzen dabena. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak be bat egin dau ekimenagaz, eta dobako sarrerea eskainiko dau barikuan eta zapatuan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Beste alde batetik, Arteen Astegoiena aukera bikaina izango da, hainbat artista aurrez aurre ezagutzeko, Bilbao Art Districteko kideak diran arte-galerien ekimenari esker. Manolo García kantautoreak bere pintore aldea agertuko dau Aritza galerian, barikuan, arratsaldeko 19:30ean.
Egun horretan bertan eta zapatuan Jesús Pastor margolariak Errekalde Aretoan erakusgai dagozan bere obrak aurkeztuko ditu, arratsaldeko 19:30ean. Horrezaz gan, ondoko topaketak be egingo dira: Nathalie Mba Bikoro artistea Kalao Panafrican Creations galerian, maiatzaren 2an, arratsaldeko 20:00etan: Patrick Grijalvo argazkilaria Photo Gallery 20 galerian, zapatuan, eguerdiko 13:00ean; eta Alberto Rementería euskal artistea Juan Manuel Lumbreras galerian, zapatuan, 12:00etan eta 19:00etan. Era berean, Luis Ángel de la Fuente artelanen zaharbarritzaileak bere lanaren ganean berba egingo dau barikuan, arratsaldeko 19:00etan, Restauraciones Luis de la Fuente lokalean.
Arteen Astegoiena familia osoak ondo pasetako antolatu da eta hainbat tailer, lehiaketa eta joko izango dira. Errekalde Aretoak eta Guggenheim Bilbao Museoak umeentzako jarduerak antolatuko ditue, eta umeek ezin hobeto pasauko dabe Albiako Lorategietan kokatuko dan eta jolasak dituan instalazino interaktiboan be. Elastikoak diseinetan ikasi nahi daben lagunek tailer bi izango ditue eskura, bata Errekalde Aretoan eta bestea Trastería de Goya dendan.
Astarloa liburu-dendan, barriz, errestaurazino eta koadernatze tailerrak izango dira, eta Binario liburu-dendan, Bilboko arkitekturearen elementuak marrazteko proposamena bultzatuko da. Aire zabaleko pinturea be jardueren artean egongo da, zapatu goizean, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskadi Plazaren artean.
Kontuak kontu, kalea programazinoaren agertoki nagusietako bat izango da. Jantzearen zaleek To be continued eta Rojo Manso proposamenak ikusi ahal izango ditue barikuan, arratsaldeko 19:30ean, Isozaki torreen zabaldegian eta zapatuan, arratsaldeko 20:00etan, Jado Plazan, hurranez hurran. Era berean, kokapen bi horreetan jazz emonaldiak eta DJen saioak be izango dira.
Bilbao Centro Merkatari Alkarteak TB platoa instalauko dau Iparragirre kalean —Mazarredo eta Barrainkua kaleen artean—, eta bertan zuzeneko alkarrizketak eta emonaldiak izango dira. UPV/EHUren Bizkaia Aretoa eraikinean (Abandoibarra etorbidea), haren kristalezko fatxadan, hain zuzen be, esku-hartze artistiko bi izango dira. Horreetako bat Argi bat gauean izeneko gaueko proiekzinoa. Era berean, arte-galeriak eta museoak agertoki bihurtuko dira musika-emonaldi, performance eta arte-adierazpen barrietarako. Arte Eder Museoan eta Juan Lumbreras galerian musika klasikoa egongo da, gitarra eta sopranoa batuko dituana, baita rock musikea be Photo Gallery 20 galerian, Los Brazos eta Ainara Zabaletaren eskutik.
Arteari lotutako hainbat arlotan sakondu nahi dabenek berbaldi eta eztabaida saioak be izango ditue. Atal horretan UPV/EHUren Bizkaia Aretoan Jatorria, identidadea eta globalizazinoa artean izenburupean egingo dan eztabaidea nabarmendu behar da. Moderatzailea Javier González de Durana izango da, eta Gerardo Mosquera komisarioak, Juana de Aizpuru galeristeak eta Javier Pérez eta Nathalie Mba Bikoro artistek parte hartuko dabe bertan.
Euskal Herriko Unibersidadeak be modu aktiboan parte hartuko dau Arteen Astegoienean. Arte Ederretako Fakultadeko ikasleek Bilbao Art District ekimenaren hainbat kaletan esku hartuko dabe, artea eta sormena ulertzeko modu barrietarako erakusleiho jarduteko asmoz. Hona hemen proiektuak: Txorrota (Manuel Ramis), Koordenatuak (Maite Leyun), All Iron (Mar de Dios eta Miguel Puertas), Kordela ehuntzen (Amaia del Amo eta Raffaella Regina), Banka (Ana Villaseñor), Distiratzen dena (Manuel Casellas) eta Tutudun txinpantzeak, UPV/EHUko Paraninfoko esku-hartzea izango dana.
Era berean, tokiko artistek eginkizun garrantzitsua izango dabe. Hona hemen adibide batzuk: Bilera! (Hellen Duboc, Fermín Díez de Ulzurrun eta Mawatres) performancea, Windsor Kulturgintza galerian; Arte Periferikoa (Antonio Ranieri) Mazarredo zumarkaleko 31 zenbakian dauen tailerrean; Show-cooking (Mabi Revuelta) Vanguardia galerian; eta Transkodetzeak (Jaime de los Ríos). Azken buruan, Alberto Rementeríak Juan Manuel Lumbreras galerian egin dauen Modelo ariketak erakusketea be nabarmendu behar da.