Zabalik dago Lekeitioko 37. Euskal Zine Bileran izena emoteko epea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 30a, 00:00

Irailaren 12a izango da aurtengo Euskal Zine Bileran ikus-entzunezkoak aurkezteko azkenengo eguna. Jaialdia zemendiaren 23tik 29ra bitartean egingo da. Sari barria sortu dabe ganera edizino honetan, Antzar Morea, genero ikuspegia ondoen azaltzen dauen pelikulearentzat.

Igaz marka guztiak apurtu zituan euskera hutsez egiten dan jaialdi bakarrak, antolatzaileek jakinarazo dabenez. Lantalde barriztuak Lekeitiok euskal zinemearen kaia izan behar ebala adierazo eban urte hasieran. Erronkea sobran bete zan, 50 film baino gehiago aurkeztu ziran eta lehiaketara, dinoe. Halanda ze, edizino honetan EZBk 50 lan besterik ez ditu onartuko lehiaketan, gehiago jaso ezkero aukeratu egin beharko ditue. Profesional eta amateurren arteko orekea kontutan hartuko dau aukeraketa batzordeak.

37. aldi honetan be, Euskal Zine Bilerak betiko helburu bieri eutsiko deutse: batetik, euskerazko lan amateurrak sarituko dira eta bidea egiten lagundu jake hasibarriei; eta, bestetik, euskerazko zinemagintza profesionalaren bilgune bihurtuko da Lekeitio. Lehiaketeak kategoria bi ditu, profesionalena eta amateurrena.

Kategoria bakotxean, Zuzendaritzea, Produkzinoa, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionaletan, 1.600 eureio eta Zidarrezko Antzarra dira sariak; amateurrean barriz ,1000 euro eta Zidarrezko Antzarra. Horrezaz gan, Film Onena saria dago, bai profesional bai amateur kategorietan; lehenengoek 1.900 euro eta Urrezko Antzarra jasoko dirue, eta besteek, 1.300 euro eta Urrezko Antzarra.

Aurreko urtean, Peio Gutierrezen Abuztua pelikuleak irabazi zuen profesionaletan eta Ohian Vitoriaren Etxehuts beharrak, amateurretan.


Antzar Morea sari barria

Aurten ganera, Lekeitioko Udaleko Bardintasun Batzordeak sari barria sortu dau, Antzar Morea. Genero ikuspegia ondoen txertatzen dauen lana sarituko dau eta kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan dan lana sortzeko prozesuan, adierazo dabe antolatzaileek. Irabazleak 500 euro eta Antzar Morea jasoko ditu.

Euskal zinemagile gazteentzat be badago saria Euskal Zinema Bileran, Gazte 22 hain zuzen be. 1991ko urtarrilaren 1aren ostean jaiotako parte-hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emongo da. Igaz, Belako taldeko Josu Ximun Billabeitiaren Euria lana saritu eben.

Bileran parte hartzeko bidea aldatu egin dabe. Pelikulak online aurkeztu beharko dira, Uptofest izeneko plataformearen bidez (www.uptofest.com). Zuzeneko informazinoa jasoteko: 94 624 34 82 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com.

Osorik irakurri