Maiatzaren 3an hasiko da 30. Udabarriko Bertso Saioak jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko api. 30a, 00:00

Santutxu Bertso Eskolak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatuta, Udabarriko Bertso Saioen aurtengo edizinoan hiru emonaldi egingo dira Karmelo plazan, eta auzoko kaleak zeharkatuko dituan bertso kalejira bat. Zapatuan, maiatzak 3, abiatuko da egitaraua, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien eskutik.

15 bertsolarik hartuko dabe parte, eta horreen artean Euskal Herriko azken hiru txapeldunak, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek, eta birritan Bizkaiko txapelduna izandako Arkaitz Estiballesek.

Aurten 30 urte beteko ditu Udabarriko Bertso-saioak ekimenak, urian egiten dan kultur-programarik beteranoenetakoa antolatzaileek eurek aurkezpenean nabarmendu dabenez. Jaialdia maiatzeko hiru zapatuetan egingo da, 3an, 10ean eta 17an. Hiru bertso-saioak Santutxuko Karmelo plazan izango dira, 13:00etan. Santutxuko Bertso Eskolako kideak arduratuko dira gaiak ipinteaz.

Maiatzaren 3an, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek jardungo dabe kantuan; 10ean, Amets Arzallusek, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak eta Alaia Martinek; eta, 17an, Jone Uriak, Jon Maiak, Miren Amurizak eta Fredi Paiak.

Aurreko edizinoetan lez, ekitaldi berezia atondu dabe oraingoan be, bertso-kalejira bat auzoko tabernetan zehar, hain zuzen be. Maiatzaren 30ean izango da hitzordua, 20:00etatik aurrera, Ricardo Bastida plazatik abiatuta. Lau bider Euskal Herriko txapeldun izandako Andoni Egaña izango da protagonista nagusia. Eta beragaz batera, Santutxuko Bertso Eskolatik sortutako Arkaitz Estiballesek eta Oihana Bartrak egingo dabe bertsotan.

Osorik irakurri