Maiatzaren 26tik 31ra bitartean Bilboko Alondigeak 3,2,1 Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketea hartuko dau. Hiru edizino izango ditu programa honek, aurreko urtean hasi zan eta datorren urtean amaituko da. Aurten, performancea, jantzea eta egungo antzerkia barrikusiko dituen hainbat proposamen artistiko alkartuko dira. Hiru disziplina horreek alkarregaz eta gai, kontzeptu eta sinergia desbardinak planteetan dituen beste arte mueta batzuekaz hartu-emonetan dagoz.
3,2,1 Forma Eszeniko Barrien Nazinoarteko Topaketan, ikuspegi eta jatorri desbardinetako sortzaileek, gune berean kontzeptu arrunten barrikusketak eta ikuspegiak aurkeztuko ditue. Zuzenean egiten dan arteari eta arte orokorrari buruzko ikuspegiak ezagutuko dira publikoak behin bakarrik ikus/bizi leiken momentu bakarreko esperientzia legez.
Sortzaile hasibarri zein ospetsuek ez-konbentzionalari buruz dituen proposamenak egingo ditue aldatzen joango diran leku eta formatuetan. Errutineagaz apurtzeko konbita eginda, baita gure egunerokotasunetik harago joateko be, eta, batez be, egunez egun geugaz batera bizi diran eta lantzean behin, ia kasualidadez, kurutzatzen diran artisten artean konplizidadea sortzeko.
Aurten topaketeak disziplinen arteko lankidetzea izango dau ardatz. Baita antzerkiaren forma desbardinak, jantzea eta live art dalakoa. Bestalde, edizino honetan bertoko artisten presentzia nabarmena izango da, besteak beste, Ion Munduate, Blanca Calvo, Xabier Erkizia, Ainara Legardón, Elssie Ansarea, Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana.
3, 2, 1 Bilboko Alondigearen Zuzeneko Arteen programazinoaren barruan dago. Edukia topaketatik harago doa, adierazpide desbardinetako sorkuntza eszenikoaren inguruko aniztasun eta lengoaiei ekiteko 2010. urtean zentroa edegi zanetik garatu izan dan programazino egonkor baten bitartez.
Aurreko edizinoan 6.000 lagun inguruk parte hartu eben eta nabarmena izan zan espainiar eta europar programatzaileen presentzia.
Eszenatokiak
3, 2, 1 Topaketea Bilboko Alondigako gune desbardinetan egongo da: Ataria, auditoriuma, Bastida Aretoa, Laborategi Aretoa, Erakusketa Aretoa, JOZ, Argizuloa... Horrezaz gan, hitzordu ibiltariak egongo dira gune desbardinen bidez izango diran ibilbideei esker.
MOV-S
Nazinoarteko sortzailetzearen testuinguruan, modu paraleloan, MOV-S programea egingo da, Bartzelonako Mercat de les Florsen ekimena. Bertan artisten eta jantza eta mobimentuko artearen antolatzaileen arteko alkartze eta lankidetza bideak bultzatzen dira. Bere bosgarren edizioan, MOV-S proiektu nomada moduan proponidu da. Martian Galizian egin zan eta orain Bilbora helduko da Bilboko Alondigeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzeak antolatuta. Programazinoaren profesionalak, espazio publikoetako zuzendaritzak, kulturearen kudeaketa edo bitartekaritzak, maiatzaren 30 eta 31an Bilboko Alondigan alkartuko dira konposizino tailerretan, baita zuzeneko arteen kudeaketea egiteko prototipoen eta Euskadin lan egiten daben artisten proiektu eszenikoen aurkezpenean be. Bilbotik igaro ondoren, MOV-S 2014 Mexiko eta Txilera helduko da.