Globalizazinoaren erronkak eta arriskuak aztergai Bilbon pentsalari ospetsuen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 5a, 00:00

Bidebarrieta Kulturguneak globalizazinoaren arriskuei buruzko berbaldi-zikloa antolatu dau maiatzerako, Sami Naïr tarteko daben pentsalari ospetsuen laguntzaz. Migrazino-mobimentuetan espezializau eta kogarapena izeneko kontzeptua sortu eban politologi frantsesak Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan berba egingo dau maiatzaren 5ean, astelehenean, Jean-André Vialá Bilboko Institutu Frantseseko zuzendariak aurkeztutako agerraldian.

Angel Gabilondo Hezkuntza Ministro ohia, Maria Xose Agra Filosofia Moraleko irakaslea eta Cesar Rendueles soziologo eta saiogilea dira Globalizazioa: erronkak eta arriskuak izenburu orokorra dauen berbaldi-ziklo honetako ganerako hizlariak. Patxi Lanceros filosofo bilbotarrak aurkeztutako berbaldi honeek maiatzeko astelehenetan egingo dira, 19:30ean, udal liburutegiko ekitaldi Aretoan, eta edozein sartu ahal izango da aforoa bete arte.

Itxuraz geraezina, ustez gobernauezina, danoi eragiten deusku globalizazinoak. Informazinoen joan-etorri ugaria eta azkarra, tximistaren haizean dabilzan finantza-kapitalak, eta horregaz guztiorregaz batera doazen ganerako ezinegonek (merkantzien batera-besterakoa, migrazinoen gorakadea…) badirudi gaur egungo gai eta arazo handi askoren gunea edo zergaitia identifiketan dabela. Errotutako definizinoak edo ziurtzat jotako identidadeak ahuldu egiten dira globalizazino geldiezin eta kezkagarriaren aurrean; ekintza antzuen eta erantzun akaso neurribakoen bidez zuzendu nahi da.

Jardunaldiotan, zenbait ikuspegi eskainiz, prozesu zabal honen zenbait alderdi argitu nahi dira.


Sami Naïr, migrazino-mobimentuetan espezializautako aditu ospetsua

Zikloa zabaltzeko ekitaldia Bidebarrieta Kulturguneak antolatu dau Bilboko Institutu Frantsesagaz lankidetzan, eta migrazino-mobimentuen ganeko Europako aditurik ospetsuenetako bat ekarriko dau Bilbora. Maiatzaren 5ean, Globalizazinoa eta ekonomia eta identidade arloko erronkak izenburuko berbaldia eskainiko dau Sevillako Pablo Olavide Unibersidadeko Zentro Mediterraneo Andalusia zuzentzen dauen Sami Naïr irakasleak, Jean-André Viala Bilboko Institutu Frantseseko zuzendari ordezkariak aurkeztuta.

Tremecem-en (Algeria) jaio zan 1946an, eta Parisko Sorbonan ikasi ondoren, Letretan eta Giza-Zientzietan eta Filosofia Politikoan doktorau zan, filosofian eta soziologian be lizentziau zalarik. Makina bat liburu, txosten eta artikulu kaleratu ditu, prentsan nahiz argitalpen espezializatuetan, eta giza-eskubideen alde egin dauen defentsa, lana eta ibilbideagaitik hainbat sari be irabazi ditu. Argitalpenak zuzendu eta hainbat unibersidadetan irakasle lanetan jarduteaz gan, europarlamentaria eta Frantziako Administrazinoaren eta Europako Batzordearen aholkularia izan da inmigrazino-kontuetan, mundu osoan gai horri buruzko berbaldiak eman ditualarik. Siniste osoz defendiduten ditu etorkinen eskubideak, eta kogarapena kontzeptuaren bultzatzaileetako bat izan da. Kogarapena izeneko lankidetza-era horretan, migrazino-mobimentuak eta persona migratzaileak beren jatorrizko herrialdeen garapenaren eragile bihurtzen dira.

Ezagutza eta zuzentasuna

Maiatzaren 12an, Angel Gabilondo Filosofiako katedradun eta Hezkuntzako Ministro ohiaren txandea izango da, Ezagutza eta zuzentasuna. Beste globalizazinoa izenburuko berbaldiagaz. Gabilondo (Donostia, 1949) Metafisikako katedraduna da Madrilgo Unibersidade Autonomoan. Han-hemenka argitaratu dituan liburuen artean, honako honeek nabarmendu daitekez: Dilthey: Vida, expresión e historia, El discurso en acción (Foucault y una ontología del presente), Trazos del eros. Del leer, hablar, y escribir, Menos que palabras eta La vuelta del otro. Diferencia, identidad y alteridad.


Herritartasuna, feminismoa eta globalizazinoa

Astebete geroago, maiatzaren 19an, Santiago de Compostelako Unibersidadean irakasle dabilen Maria Xose Agrak Herritartasuna, feminismoa eta globalizazinoa izenburuko berbaldia eskainiko dau. Filosofian doktorau zan eta Filosofia moral eta politikoko irakaslea da Santiago de Compostelako Unibersidadean. Ikertzaile legez, filosofia politikoa, justiziaren teoriak eta teoria kritiko feministea izan dira bere lanaren ardatz. J. Rawls: el sentido de justicia en una sociedad democrática izenburuko liburuaren egilea da, eta han-hemenka kaleratu dituan artikulu ugarien artean, Legitimidad y necesidad del disenso feminista, Convicciones políticas y responsabihdades eticas, Reflexiones sobre la fraternidad, Feminismo y ética, eta Ecología y feminismo izenburukoak nabarmendu daitekez, besteak beste.


Barriro globalizazinoa. Utopia digitaletik harantzago

Zikloa amaitzeko, maiatzaren 26an, Cesar Renduelesek Barriro globalizazinoa. Utopia digitaletik harantzago gaiari helduko deutso. Rendueles Gironan jaio zan 1975ean, Filosofian doktorau zan, eta Madrilgo Unibersidade Konplutentseko Zientzia Politikoen eta Soziologiaren Fakultadeko Teoria Soziologikoko Saileko irakaslea da gaur egun. Madrilgo Carlos III Unibersidadeko irakaslea eta Espainia eta Latinoamerikako zenbait unibersidadetako hizlari konbidatua be izan da. Ladinamo kultur arloko esku-hartzerako kolektiboaren bazkide sortzailea izan zan, eta zortzi urtez Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko kultur koordinazinoaz eta proiektuen zuzendaritzaz arduratu zan. Epistemologia, filosofia politikoa eta kritika kulturalagaz zerikusia daben gai desbardinei buruz idatzi dau hainbat aldizkari espezializatutan. Karl Marxen lanen bilduma bi plazaratzeaz gan, Walter Benjamin, Karl Polanyi eta Jeremy Bentham lako egileen saio klasikoak argitaratzeaz arduratu da. Itzultzaile-lan zabala egin dau, eta Espejismos Digitales izenburuko bere blogean idazten dau.

Ekitaldi hau, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan sortutako Bidebarrieta Kulturguneak sustatu dau, liburua, literaturea eta ezagutzea bultzatzeko asmoari jarraituz.

Osorik irakurri