Hilero lez, oraingoan be Art After Dark saioa gaueko hamarretan hasi eta goizaldeko ordu batetan amaituko da. Danimarkako Rune Reilly Kølsch Destination Calabria abesti ezagunaren egileak zarratuko dau gaua. Entzuleek Guggenheimeko erakusketez be gozetako aukerea eukiko dabe.
DJ Lourdes Madow Bilboko Fever klubeko DJ egoiliarrak ipiniko dau martxan musika gaua Bilboko Guggenheim museoan. 22:00etan hasiko da musikea ipinten. Adult pop, nu disco eta azkenaldiko rocka nahastetan ditu, edozein adinetarako jaia izango dala dinoe antolatzaileek.
Ostean, 23:00etan, Belako DJ Set bizkaitarrak hartuko dau eszenatokia, taldeko Jose eta Lander kideek hain zuzen be. Britainia Handiko new wave soinuak eta jantzarako gaur egungo musika elektronikoa buztartzen ditue pop-rock doinuekaz, eta horri guztiari punk jarrerea gehitzen deutsie. Indie agertokiaren errebelazinoa izan ziran 2013an, eta aurten hainbat jaialditan parte hartuko dabe, tartean, S.O.S Murcia, Primavera Sound, BBK Live eta Low Cost Festivalen. Donostiako jazzaldian Elvis Costelloren kontzertuaren sarrera egin eben. Euren bigarren diskoa lantzen dabilz.
Eta gauerdian, Rune Reilly Kølsch izango da protagonistea. Makinatxu bat ezizen erabilten ditu musikari danimarkarrak, esaterako, Rune RK. Tattorecs diskoetxearen sortzailea da, eta antza, Shakira kantariaren produktore gogokoena. Estilo tekno-erromantikoa darabil, eta Detroiteko eta Chicagoko soinuen eragina dauka. Musika elektronikoaren arloan sari guztiak irabazi ditu, AEBko Billboard zerrendan lehen lekua lortu dau.
Musikeaz aparte, erakusketak ikusteko aukerea be izango da barikuan, 22:00etatik 1:00etara bitartean. Ondoko erakusketak dagoz ikusgai: Ernesto Neto: naroan gorputza, Yoko Ono Half-A-Wind Show eta Christian Marclayren The Clock. Sarrerak salgai dagoz, txarteldegian eta museoko webgunean.