Def con Dos rock taldeak kontzertu bat eskainiko dau FANT Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdiari amaierea emoteko. Sarrerak 12 euroan dagoz salgai Evidence Cafe aretoan (10 eurokoa, aldez aurretik erosi ezkero).
Taldeak hilaren 16an egingo dan amaierako ekitaldiaren ondoren joko dau Barrainkua kaleko Evidence Café aretoan, 23:00etatik aurrera. Talde galego-madrildarrak genero fantastikoko zenbait filmen soinu-bandak sortu ditu, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarraren Acción Mutante eta El Día de la Bestia, eta Pedro L. Barbero eta Vicente J. Martín-en Tuno Negro tarteko dirala.
Maiatzaren 9tik 16ra bitartean, genero fantastiko eta bildurrezkoak beste hitzordu bat izango dau Bilbon, aurten XX. urteurrena ospatuko dauen FANT Zinemaldiagaz. Bi hamarkadotan sendotu egin da jaialdia eta aurtengo edizinoan programazinoa zabaldu eta aurreko edizinoan baino % 40 proiekzino gehiago izango da.
Holan, aurtengo FANTek iraungo dauen zortzi egunetan, publikoak zer aukeratu ugari izango dau, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen dauen zinemaldi honetako sail desbardinen artean banatutako 40 film luze eta 40 film laburren artean. Film-eskaintzea zabalduz, jagokon erantzuna emon nahi izan jako publikoak adierazotako interes gero eta handiagoari, izan be, ikusleen kopurua % 50etik gora gehitu da azken bi urteotan.
Aurtengo programazinoa maiatzaren 9an abiatuko da, barikuz, Campos Elíseos antzokian 20:00etan, La Cueva filmaren proiekzinoagaz. Alfredo Montero zinemagile balearraren bigarren film luzeak hiru Zilarrezko Biznaga (Film Onenarena, Aktore Onenarena eta Aktore Emakume Onenarena) lortu ditu Malagako Jaialdian. Zuzendaria eta protagonistak Bilbora etorriko dira filma aurkeztera. Zinemaldiaren lehenengo jardunaldi honetan, 22:45etik aurrera, lehiaketan parte hartuko daben 11 euskal film labur pantailaratuko dira.
Nabarmentzeko modukoa da Ti West zuzendari iparramerikarrak bere azken filma aurkeztuko dauela Bilbon, The Sacrament izenburukoa.
Ondokoak dira nazinoarteko epaimahaiaren aurtengo partaideak: Matthew Robbins zuzendari, gidoigile eta produktore iparramerikarra, Carlos Areces antzezlea eta Andrea G. Bermejo kazetari, zinema-kritikari eta blogaria.
Era berean, jaiadiak trailer faltsuen lehiaketara aurkeztutako 20 lan aukeratu ditu, eta eguenean, hilak 15, gaueko 22:00etako proiekzinoan batuko dan pulikoak erabagiko dau zeintzuk diran 1.500 eta 750 euroko sariak irabaziko dituenak.
Amaierako ekitaldia BBK Aretoan izango da, maiatzaren 16an, 20:30ean. Ekitaldi honetan, mundu mailako estreinaldia, hainbat aldiz Brit sarietarako izentau daben Ian Pons zuzendariaren Angels film laburra ikusi ahal izango da. Sari-banaketearen ondoren, Zarpazos! Un Viaje por el Spanish Horror izenburuko dokumentala proiektauko da.
Informazino gehiago hemen.