Artiumek Liburuen Nazinoarteko Eguna osotzeko jentaurreko irakurketak, erakusketak, berbaldiak eta musikea dakarz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 6a, 00:00

Artium, Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak zenbait jarduera antolatu ditu datorren barikuan, maiatzak 9, Liburuen Nazinoarteko Egunaren ospakizuna osotzeko. Apirilaren 23ko astean egindako bookcrossing kanpainearen ondoren eta Aste Santua eta San Prudentzioren jaia igarota, Artiumek arteari buruzko testuen jentaurreko irakurketa ekitaldia, beste bi erakusketaren inaugurazinoa, berbaldi bat eta Guridi Big Banden kontzertua eskainiko ditu, azken hau, orain dela 50 urte argitaratu zan Julio Cortázarren Rayuela nobelearen omenez. Jentaurreko irakurketak eguerdiko hamabietan hasiko dira, beti legez, Artiumen Liburutegian, eta parte hartzeko txandea eskatu behar da biblioteca@artium.org helbide elektronikora idatzita.

Bookcrossingen kanpainea amaitu ondoren, Artiumen Liburutegian arte eta kultura garaikideakaz lotutako testuen jentaurreko irakurketa jarraitua egingo da aurten be, aspaldiko urteotan eta jentearen parte-hartze handiagaz Liburuen Nazinoarteko Egunean egin izan dan lez. Hautatutako testuen irakurketea 12:00etan hasi eta 20:00ak arte egingo da. Deialdi edegia da, eta parte hartu nahi dabenek irakurteko tartea aukeratu leikie biblioteca@artium.org helbidera mezu elektroniko bat bialduta. Mezu horretan gehien komenidu jakon ordu-erdiko tartea zein dan adierazo beharko dau norberak (12:00etatik 12:30era, 12:30etik 13:00etara…). Mezu horren erantzunean esango jako zein ordutan agertu behar dauen Liburutegian. Holan nahi izan ezkero, norberak bere gogoko testua be eroan ahal izango dau irakurteko. Bestela, Liburutegian testu asko dago aukeran, asko eta asko nobela grafikoagaz zerikusia dabenak, euskeraz zein gaztelaniaz, egunean zehar ekitaldiaren haria izango diranak.

Gai hori aukeratu izanaren arrazoia da, irakurketak abiatzeagaz batera beste liburu-erakusketa bat inaugurauko dala, oraingo honetan nobela grafikoari eskainia, Zentro-Museoko Liburutegian gai horri buruzko funts aberatsa gordeten baita. Baina gainera, ordu horretan beste erakusketa bat be zabalduko da, bigarren hau Museoaren Atari aretoan, 2013. urtean erakusketen sarrereagaz batera bisitariei emon jakezan ohar-koadernoetako azaletan agertzen ziran irudien jatorrizko lanei eskainia. Simeón Sáiz Ruiz artisteak egin eban lan horreen hautaketea, eta egun horretan bertan, arratsaldeko 19:30ean, berbaldi bat emongo dau, Monika Anselment hautatutako egileetako bategaz batera.

Liburuen Nazinoarteko Egunari eskainitako ekitaldiak osotzeko Jesús Guridi Konserbatorioko Guridi Big Band eta Guridi Txiki Big Band musika-taldeek jazz-kontzertu bat emongo dabe. Mari Cruz Irazabalek eta Javier Larreinak testuak irakurriz eta Josetxo Silguero zuzendari dabela, Jazzruela izeneko programa bat eskainiko dabe, gaztelaniazko literaturako maisulan bati eskainia: Julio Cortázar idazle argentinarraren Rayuela nobeleari, hain zuzen be, aurten beteten baita bere argitalpenaren berrogeita hamargarren urteurrena.

Artiumek Liburuen Nazinoarteko Eguna ospatzeko antolatutako jarduera guztiak dobakoak dira eta tokia mugatua da. Aitatutako erakusketak ikusteko be ez dago ezer pagau beharrik (Nobela grafikoa: salaketa eta gizarte-kritika Liburutegian, eta Baikortasun kritikoa Atari aretoan).

Osorik irakurri