Hamahiru konpainia batuko dira Arrigorriagako XIX. Clown eta Pailazo Jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 6a, 00:00

Maiatzaren 9tik 11ra bitartean clown eta zirkuko diziplinak ezagutzeko aukera parebakoa izango da Arrigorriagan, XIX. Nazinoarteko Clown eta Pailazoen jaialdian. Emonaldiez aparte, zirku tailerra eta Gorakada taldeari buruzko erakusketea antolatu ditue.

Asier Albizua Arrigorriagako alkateak, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Zuzendariak eta Amagoia Garaizabal jaialdiko arduradunak aurkeztu dabe ekimena Bilboko Rekalde aretoan.

"Kalidade handiko kartela, adin guztietarako modukoa" osotu dabela nabarmendu dau Albizuak. Aurten, ganera, igaz baino aurrekontu handiagoagaz. Hain zuzen be, 50.000 eurok aurrekontua euki dabe. Urteotan 240 konpainia eta artistak hartu dabe parte jaialdian.

Euskal Herriko hiru talde izango dira Arrigorriagan, euren lanik barrienak erakustera: Nalua konpainiak "Fakir Handia" eskain iko dau barikuan; Gari, Montxo eta Joselontxok, "Kontxo... kontxo", zapatuan; eta, Teatro Salitrek "Rico, rico, rico", domekan. "Urte lez, bertoko konpainien presentzia zaindu dogu", ganeratu dau Arrigorriagako alkateak.

Horrezaz gan, kanpoko hamar talde etorrio dira, zazpi estadu espainiarrekoak, Argentinatik bi, eta Frantziatik bat. Monkey Style frantsesak, berbarako, "Babyllon" lana estreinauko dau zapatuan, eta Kataluniako Guillem Alba & The All In Marching Bandek, "Marabunta".

Umeentzako eskaintza interesgarria egongo da, egunero izango da aukeran familientzako emonaldiren bat.

Teatro Salitrek orain hogei urte estreinautako lana berrestreinauko dabe, haren bersinoa egingo dabe Arrigorriagan. Konpainiako Josu Bilbao eta Jesus Peñas prentsaurrekoan izan dira. Euren burua "guarriclown" dalakotzat dabe, hau da, zikinak, desatseginak eta politikoki ez zuzenak dira, euren esanetan. "Lehe kulturea egite genduan -esan dabe ironiaz- eta eztorren inor gu ikustera, orain, barriz, dana beteten dogu". Nalua taldeko Ruth Garciak be parte hartu dau aurkezpenean, berak "Fakir Handia" eskainiko dau. Ikuskizun "parte-hartzailea, absurdua" da, "nahi dodana egiten dot".

Eguraldia lagun izatea espero dabe antolatzaileek, baina holan ez bada Kiroledegian egingo ditue saio guztiak. Udaletxeko plazea, Joan XXIII.ren plazea eta Kiroldegia bera izango dira edizino honetan be eszenatokiak.

Osorik irakurri