Maiatzaren 15etik 18ra bitartean, Leioa eszenatoki erraldoi bihurtuko da, herriko kale, plaza eta bazterrak bertoko eta kanpoko kaleko artisten beharrik barrienakaz beteko dira eta. Danetara, 43 konpainia izango dira Umore Azokan, eta ehun saiotik gora egingo ditue.
Bilboko Rekalde aretoan egin dabe aurkezpena Josune Ariztondo Kultura Diputatuak, Ana Lopez jaialdiko zuzendariak eta Ivan Rodriguez Leioako alkateordeak. Leioako Umore Azokea kaleko artisten erakusleiho eta topagunea izango da, Rodriguezen esanetan. Eta igaz lez, 40.000 lagun batzeko asmoa daukie.
Kaleko arteen industria indartzea da Umore Azokearen lehenengo helburua, baina horrezaz gan, alde didaktikoa eta komerziala nabarmendu dabe antolatzaileek. Merkatu bihurtzeko asmoz sortu genduan, jaialdia eta azokea be bada eta, adierazo dau Lopezek. Izan be, makina bat profesional batzen dira Leioan egun horreetan, programatzaile, kultur eragile eta aretoetako arduradunak, hain zuzen be.
Aurton, 300 konpainiek egin dabe eskaerea Leioara etorteko, aukeraketa gogorra izan da, dinoe. Leioa galdu ezin dan hitzordua bihurtu dala erakusten deusku. Hamazortzi estreinaldi ikusi ahalko dira, zortzi Euskal Herriko taldeenak. Apustu handia da bai gure aldetik bai konpianien aldetik -azaldu dau zuzendariak- ez dakigu-eta zelan funzionatuko dauen lanak.
Euskal Herriko Hortzmuga, Kukai, Borobil, Kolectivo Monstrenko, Trapu Zaharra, Gansoi & cia, Malas Compañias eta Factoria Norte/Gaupasa konpainiek estreinauko dabe lan barria Umore Azokan, zortzi danetara. Beste hamar estreinaldi ikusteko aukerea izango da, berbarako, Kataluniako Toti Toronell & Pepa Planaren Despistats, Frantziako Sons de Toileren Zou!, Gaztela eta Leioiko Garrapeteren El clownciertazo eta Andaluziako Cuarteto Maravillaren Sub, el mundo de los ocultos. Algortako Bertsolari Eskoleak Bertsoklown lana atondu dau, Virginia Imazen zuzendaritzapean. Saio bi egingo ditue, 17an eta 18an. Konpainia eta ikuskizunen ganeko argibide gehiago, hemen.
Beste edizino batzuetan lez, Euskal Herriko eta kanpoko kaleko ikuskizun onenek saria eukiko dabe, aurten ganera Zaragoza uriko jaietan emonaldi bat lotzeko aukerea eukiko dabe. Beste sari bi egongo dira: Hameka Saria, ikuskizun barri onenarantzat; eta, Merce-2014-MAC Festival Saria, publiko guztientzako lan onenari.
Profesionalek euren batzar eta topaketak egingo ditue Azoka egunotan, esaterako, Sarea Euskal Antzokien Sareko batzar orokorra maiatzaren 15ean egingo da bertan.
Umore Azokako egitarau oso-osoa, hemen.