Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa plazaratu ditue

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 7a, 00:00

Txapelketa Nagusiko liburuak bertsoak, kronikak, argazkiak eta adituen eretxiak eskaintzen ditu. Bertsozale Elkarteak atondu dituan edizino guztietan Bertsolari Txapelketa Nagusiak emondakoa liburu batean batu izan da. Aurten bertsoaldi onenak batzen dituan diskoa be salduko da liburuagaz batera. 20 euroan alkarregaz salduko dira ohiko liburudendetan eta www.lanku.com orrialdean. Bertsozale Elkarteko bazkideek 15 euroan eskuratu ahal izango dabe. Lankuk atondu dau edizinoa.

Bertsozale Elkartea da argitaratzailea eta 500 aleko tiradea egin dau Lanku Bertso Zerbitzuak alkartearen enpreseak. Subijana etxean egindako prentsaurrekoan emon ditue zehetasunak Jon Agirresarobe Txapelketa Nagusiaren koordinatzaileak, Felix Irazustabarrena bertso edukietan aditua dan kazetariak eta Karlos Aizpurua Mintzola Fundazinoko ikerkuntza eragileak.

Txapelketa Nagusiko liburuak bertsoak, kronikak, argazkiak eta eretxiak eskaintzen ditu. Xenpelar Dokumentazino Zentroak koordinauta Arnaitz Lasarte, Rosita Anakabe eta Maria Izaga ibilidira transkribaketa lanetan. Argazkiak, barriz, Gari Garaialdek eta Alberto Elosegik egin ditue Txapelketan zehar. Felix Irazustabarrenak osotu ditu girotze idatziak eta bertso hautaketea be berak egin dau. Liburuan irakurgai dagozan bertsoak diskoan entzungai dagoz mp3 formatuan. Ohiko erispideak erabili ditu hautaketarako, Bertsozale Elkarteak markautakoak: bertsolari guztien bertsoak agertzen dira, ariketa eta saio guztietakoak. Irazustabarrenaren esanetan, ez da kolpe bakarrean oso-osorik irakurteko liburua: zatika irakurriko dabe bertsozale gehienek, konsultarako edo prestaketa lanetan lagungarri izango jako lanean dabilenari. Saio bakotxeko 10-11 bertsoaldi eta finala oso-osorik batu dabe liburuan eta diskoan.

Mintzola Fundazinoan lanean dabilzan ikerlariek osotu dabe aditu multzoa. Norberak bere iker lerroa izan dau abiapuntu. Luzea da zerrendea: Jone Miren Hernandez, Xabier Paia, EHUko IXA Taldea, Teresa Del Valle, Jexux Larrañaga, Anaís Falcó eta Christian Simelio, Pere Bescós eta Olatz Mitxelena. Karlos Aizpuruak adierazo dauenez, bertsogintza ikuspegia aztertu dabe Xabier Sukiak, Gorka Azkaratek, Joxerra Garziak, Arkaitz Goikoetxeak eta Andoni Egañak. Bertsolari txapelketa Nagusian erabili diran doinuen azterketa be egin da, Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik egin dabe. Gaiaren harian, sei doinu barri identifikau eta doinutegian txertatu ditue.

Osorik irakurri