Alfredo Monterok zuzendutako 'La Cueva' pelikuleak abiatuko dau gaur Bilboko XX. FANT jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko mai. 9a, 00:00

Fant Bilboko Zinema Fantastikoko Jaialdiaren XX. edizinoa martxan dago. Campos Eliseos antzokian egingo dabe inaugurazino-ekitaldia gaur, 20:00etan. Makinatxu bat sari jaso dituan La Cueva lana proiektauko dabe. Lander Otaola aktorea izango da aurkezlea, eta Cabaret Chihuahua antzezlaneko lankideak izango ditu laguntzaile.

Euskal pelikulek hasiko dabe jaialdia, 11 lan proiektauko dira, eta zuzendariek eurek aurkeztuko ditue. Ibon Areso Bilboko alkateak eta Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotziak ekitaldian parte hartuko dabe.

La Cueva, itxuraz behintzat, sorbalda-ganeko kameraz grabauta dago, The Blair Witch Project film ezagunaren antzera, eta film onenaren, eta gizonezko eta emakumezko aktore onenaren sariak lortu barri ditu Malagako Zinema Jaialdian.

Alfredo Monteroren lanak bost gazteren istorio gorabeheratsua kontetan dau. Motxilak aldean daroazela, leku zoragarri batera ailegau dira, bizitzako oporraldirik onena pasetako asmoz. Itsaslabarrean ostendutako koba baten sarrerea topau eta sartu egin dira, baina laster konturatu dira galduta dagozala. Bostek helburu bakarra daukie, handik bizirik irautea, halan edo holan. Marcos Ortiz, Marta Castellote, Jorge Paez, Eva Garcia eta Xoel Fernendez dira aktoreak.

Aurkezpena hasi barri, Lander Otaola antzezleak Pabilioi 6 aretoan taularatzen dabilzan Cabaret Chihuahua lanaren pasarte labur bi eskainiko dit. Musikal kritikoa, ironikoa, eusko-mexikarra eta zombi samarra dala dinoe aktoreek eurek. Otaolak epaimahaia eta La Cueva filmearen zuzendaria aurkeztuko ditu. Proiekzioaren ostean, zuzendaria eta bere taldeko kideak galderak erantzuteko prest egongo dira.

Euskal film laburrak

Inaugurazio ekitaldiko bigarren zatian, 22:45etik aurrera, genero fantastikoko 11 euskal film labur pantailaratuko dira. Aurretik egileen azalpenak entzuteko aukerea izango da. Hemen, ikusgai izango diran film laburrak: 016, Alicia Marina Rosa; Cólera, Aritz Moreno; De noche y de pronto, Arantxa Echevarria; Decisiones, Ivan Miñambres; Jako de Troya, Javier Arriaga; Mirage, Iker Maidagan; Nosotros que nos queremos tanto, Iñaki Reyna; Otsoko, Ander Iriarte; Peter Pan, Imanol Ortiz; Una mierda de slasher, Miriam Ortega; eta, Yayos, Roberto San Sebastián.

Maiatzaren 16ra arte, 40 film luze eta beste hainbeste labur eskainiko ditu Fant jaialdiak. Sari-emotea BBK Salan egingo da, barikuan, 20:30ean.

Fanten egitarau osoa ikusi gura izan ezkero, hemen.

Osorik irakurri