Malik Bendjelloul zinemagilea bart hil da Stockholmen, 36 urte zituala, Sony Pictures Classics etxeak jakinarazo dauenez. Bendjelloulen heriotzea zerk eragin dauen ez dabe oraindino argitu, baina dagoeneko Poliziak ukatu egin dau hilketa baten ondorioz hil danik.
2013. urteko Oscar sarietan, Maliken Searching for Sugar Man dokumentalari saria emon eutsien, 70. hamarkadako rock abeslari baten historia kontetan dau bertan zinemagileak. Jaioterrian, AEBetan, ezezaguna izanik, Hegoafrikan oihartzun handia izan eban kantautore baten bilaketea kontetan dau filmak. Arrakasta gitxiko disko bat kaleratu ondoren, musikaria egun batetik bestera desagertu egin zan eta hainbat hedabidetan bere buruaz beste egin ebala argitaratu eben.
Hegoafrikan arrakasta handia lortu eban Sixto Rodriguez musikariak eta, jarraitzaileek ikerketa bat abiarazo eben, artista horren inguruko barriak lortzeko helburuagaz.
Searching for Sugar Man filmak Dock of The Bay musika dokumentalen Donostiako jaialdia irabazi eban igaz.