Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2010 eta 2012 artean jaiotako umeen izen erabilienak Ane eta Markel dirala eta gurasoek euskal izen bakun edo sinpleak aukeratzen dituela jakinarazo dau gaur Eustat Estadistikaren Euskal Erakundeak. Holan, 1996tik hona, Ane da neska izena aukeratzeko orduan gurasoen faboritoa, eta ondoren, June, Irati, Nahia, Uxue eta Izaro. Mutikoentzako izen erabiliena, barriz, Markel da, eta jarraian, Jon, Iker, Oier, Ander eta Unai.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jarteko aukerea emoten dau, eta gurasoek bakuna aukeratzen dabe. Ehun izen erabilienen artean ez dago konposaturik bat bera be ez, garai batean oso ohikoak ziran arren.
Euskal izenak dira nagusi, batzuetan bi grafia agertzen diralarik: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz. Maria eta Miren bikotean izan ezik, izen baten euskal formea nagusitzen da; horixe gertatzen da Ane-Ana, Xabier-Javier, Jon-Juan eta Mikel-Miguel bikoteetan.
Naia eta Nahia izenei jagokenez, Naia, seguru asko, Nahia izenaren aldagaitzat hartzen da, eta azken hau da Euskaltzaindiak onartzen dauena. Naia zortzigarren dago neska izenen artean, seguru asko aitatutako arrazoiagaitik. Naia, bestalde, zenbait hizkuntzatan (frantsesa, katalana, ingelesa) eta Espainiako toponimoetan agertzen da, eta Nahia, duda barik euskal izena da, laugarrena neska izenen zerrendan. Esangura horretan, bien artean neska izen erabiliena osotuko leukie (1.104 aitamen, % 3,61).
Ama atzerritarrek be euskal izenak aukeratzen ditue, baina badago alderik sailkapen orokorraren aldean. Bost neska izen erabilien arteko hiru -Naiara, Ainhoa eta Nahia- euskal izenak dira, eta zerrendako lehenengoa Sara da, hebrear jatorrikoa. Mutiko izenetan Iker lehenengoa eta Ander laugarrena dira, euskal izenak; bigarren Adam da, hebrearra; hirugarren Mohamed, arabiarra; eta bosgarren Rayan.
Era berean, 2010 eta 2012 artean ama izan ziranen izen ugarienak, Ainhoa, Leire, Nerea, Amaia, Sonia, María, Marta, Ainara, Susana eta Mónica dira; emakume horreetako gehienak 1972 eta 1982 artean jaio ziran. Hiru izen ugarienak euskal izenak ziran, baina gaztelaniazko izenak oraindino asko erabilten ziran. Izen ugarienak bakunak ziran, baina amen % 14 inguruk María eban izen konposatuan.
Bestalde, 2010/2012 aldian aita izan ziranen izen ugarienak, Aitor, Javier, David, Iñigo, Asier, Oscar, Gorka, Iker, Francisco Javier eta Iñaki izan ziran. 1970 eta 1980 artean jaiotako gizonak ziran gehienak; izen konposatuak gitxituz, euskal izenak gehituz.