Urriaren 9an hasi eta bagilaren 9an amaituko da BOSen 2014-2015ko denporaldia. Danetara, 17 programa, 34 kontzertu, programa sinfoniko-koral bat, eta Gabonetako, Inauterietako eta itxiera kontzertu bi emongo ditu, eta estreinaldi bi bere bai.
Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputaduak eta BOSeko Patronatuko presidenteak, BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarrik eta BOSeko zuzendari tekniko Borja Pujolek aurkeztu dabe egitaraua. Ariztondok adierazo dauenez, BOSen 2014-2015 denporaldiak Bizkaiko gizarteari orkestraeren jarduna hurreratzen segiduko dau.
Denporaldi barrian, Enigmak eta kondairak izenburupean, publikoak On Kixoteri buruzko Guridiren poema sinfoniko laburraz eta Sherezaderen ekialdeko mundu liluragarriaz gozatu ahalko dau, besteak beste. Sinfonia handiak entzuteko aukerea be izango da, esaterako Mahlerren lehenengoa eta Brahmsen lehenengoa eta laugarrena. Mendelssohnen Lobgesang sinfoniak leku berezia izango dau Gabonetako kontzertuan; Bilboko Koral Alkarteak emonaldi horretan parte hartuko dau, Victor Pablo Perezen zuzendaritzapean. Horrez gain, jazza, barrokoa eta ganbera-musika be egitarauan dagoz.
Lehenego kontzertua urriaren 9an izango da. Guy Braunstein biolin-jotzaileak eta BOSek Alban Bergen Biolin eta orkestrarako kontzertua eta Gustav Mahlerren "ehenengo Sinfonia, Titan interpretauko dabe, Yaron Trauben gidaritzapean.
Programazinoaren barruan, orkestreak herriz herri Bizkaiko hainbat udalerritan emongo dituan kontzertuak nabarmendu ditu Ariztondok, besteak beste, Plentzian, Ondarroan, Gernikan, Lekeition eta Santurtzin egingo diranak. Horrezaz gan, BOSek Santanderren be joko dau, orkestra konbidadu moduan, Gaztela eta Leongo Sinfonikearen Denporaldian.
Kontzertuak lehenago hasiko dira datorren denporaldian, BOSeko abonaduen iradokizunei kasu eginez; halanda ze, emonaldiak 19:30ean izango dira, lehen baino ordu erdi lehenago. Ganbera Denboraldiko kontzertuek be ordutegi bera izango dabe. Aurreko edizinoetan lez, abonamentu modalidade bat baino gehiago egongo da, eta prezio bereziak bere bai, kide ugariko familientzat eta lanbakoentzat, esaterako.