Egizu alkarteak eta UK aldizkariak, Getxoko, Leioako eta Berangoko Udalen eta Uribe Kostako Mankomunidadearen laguntzinoagaz antolatutako ArgIHIzkiak, argazkietan oinarritutako III. testu laburren lehiaketara lanak aurkezteko epea datorren bagilaren 5era arte egongo da zabalik.
ArgIHIzkiak Uribe Kostako literatura-lehiaketa dea, euskeraz. Testu laburrak idatzi beharko dira argazki batzuetan oinarrituta. Argazki, erretratu, potret edo fotografia berbak erabilten doguz euskaldunok grezieraren photos (argia) eta graphis (marrazkia, idazkerea) berbakaz sortutako fotografia berbea adierazoteko. Argiagaz marraztea edo idaztea da, beraz, fotografia berbearen jatorrizko esanahia. Lehiaketeak helburu bi lortu nahi ditu: alde batetik, jentea euskeraz idaztera eta irakurtera animetea; eta, bestetik, Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.
Kontuak kontu, 16 urtetik gorako edozeinek hartu leike parte. Testuak euskeraz idatzita egon behar dira, euskera batuan edo edozein euskalkitan. Edozein testu mueta onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa, haiku-a…).
Testu bakotxa argazkietako batean egongo da oinarrituta, eta egileak adierazo beharko dau zein dan aukeratu dauen argazkia (argazkiaren eta argazkilariaren izenak idatzita).
Kategoria bi izango ditu lehiaketeak: Labur-laburra (160 karaktere gehienez) eta Laburra (100 berba gehienez).
Testuak bialtzeko modua: sms, whatsapp (619 935 541) edo posta elektronikoa (argi.hizkiak@gmail.com).
Sariak
Kategoria bakotxean (labur-laburra eta laburra) sari orokor bana egongo da, bakotxa 200€-koa.
Bestalde, eta aurrekoez gan, argazki bakotxak testu bat izango dau irabazle (labur-laburra eta laburra) eta saria izango da Uribe Kostan hainbat lekutan eta datatan egingo dan erakusketan agertzea.
Laguntzaileak eta babesleak
Getxophoto, Leioako Udala, Erandioko Udala, Uribe Kostako Mankomunidadea, Getxoko Udala, Berbots, Berbalamiñe, Aitxu!, Koixi eta Legarrondo.
Epaimahaia eta epaia
Epaileak Uribe Kostako idazle bi izango dira eta epaileek ez dabe ez egileen izenik ez izengoitirik ezagutuko. Epaileen epaia apelaezina izango da eta 2014ko irailaren 8an ezagutarazoko da.
Aurkeztutako idazlanak antolatzaileen esku geratuko dira. Antolatzaileek beren webguneetan edo beste komunikabide edo euskarri batzuetan argitaratu ahal izango ditue, egilea aitatuta betibe.
Informazino gehiago hemen.