Frantxua Maitia EEPko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hurrengo urte birako hitzarmena eta 2014rako betebeharrak jasoten dituan gehigarria izenpetu dabe Baionan, Euskaltzaindiaren egoitzan. Erakunde bien arteko lankidetzea garatu eta egituratzen dau akordioak.
2008. urteko urtarrilaren 24an izenpetu eben Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lehen hitzarmen-markoa. Hitzarmen orokor horrek erakundeen arteko lankidetzearen nondik norakoa zehazten eban, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakotxaren betebeharrak finkatzen. Bestalde, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat sinatu izan da, urteko lanak alkarregaz zehazteko.
Lankidetzearen ardatzak dira, besteak beste: Euskaltzaindiak Ipar Euskal Herriari jagokozan argitalpenak kaleratuko ditu; EEPren proiektu deialdian, Ipar Euskal Herriko eragile pribaduek aurkeztutako argitalpen proiektuen hizkuntza-kalidadearen azterketea; euskerazko toponimoen grafia egokiari buruz, batez be alkargotatik EEPk jasoten dituan galderei erantzuteko, aholkuak emotea eta prestakuntzak antolatzea; eta Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena.
Euskera batuari jagokon puntu bat jaso da nere hitzarmen-marko barrian: modu didaktiko eta dibulgatiboan, hurrengo urteetan eta Ipar Euskal Herriari begira, Euskaltzaindiak euskera batuaren arloan egindako lana zabaltzen eta hedatzen ahaleginduko dira Akademia eta EEP, teknologiak eskaintzen dituan bide barriak erabiliz.
Modu berean, 2014. urteko lankidetzaren zehaztasunak, bakotxaren egitekoak, argitalpen programea eta diru-laguntza zehazten dituen eranskina izenpetu dabe. Honeek dira eduki nagusiak: Euskaltzaindiak EEPren eta Eusko Jaurlaritzearen Proiektu Deialdiko argitalpen proiektuen hizkuntza kalidadearen azterketea egingo dau; Euskaltzaindiak aholkua emongo deutso EEPri, toponimoen grafia egokiari buruzko gaietan; IGNeko toponimoen normalizatze lanaren emoitzak publiko egingo dira; Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena egingo da.
Horrezaz aparte, ondoko argitalpenak jaso dira: Mongongo Dassanzaren albaitaritza eskuidatziak (Txomin Peillen), Bahnar deitu salbaiak (Henri Duhau) eta Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942 (W. Webster, J.-F. Cerquand, J. Barbier, R.M. Azkue) (Natalia Mikhaïlovna Zaïka).