Smokin' Joe Kubek eta Bnois King abeslari eta gitarristak garagarrilaren 17tik 19ra bitarteko Getxoko Nazinoarteko Blues Jaialdian izango dira. Bluesaren egungo eszenako bikote interesgarrienetako bat dira, eta euren musikan Texaseko doinu elektrikoenak eta jazzaren eta soularen eragin nabarmena daben beste erritmo batzuk buztartzen dira. Bikotearen saioa garagarrilaren 18an izango da, Algortako Biotz Alai plazan, 21:00ean, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazo dauenez.
Smokin' Joe Kubek (1956, Grove City, Pennsylvania, AEB) Texaseko doinu elektrikoaren erakusle nagusietako bat da. Irvingen hezita, nerabezaroan Dallaseko kluben zirkuituan hasi zan joten eta bertan gitarreagaz trebezia handia erakutsi eban. Laster abiatu zan profesional legez eta Johnny Winter, Stevie Ray Vaughan eta Albert King musikari handiakaz jo eban, besteak beste.
1989. urtean, Bnois King (1943, Delhi, Louisiana, AEB) ezagutu eban jam session batean. Gitarrea joten jazzaren eragin handia erakusten dau Kingek gitarreagaz eta soul ahotsa dauka. Ordutik hona, bikoteak beren gitarren arteko oreka bikaina ardatz dauen bluesa egiten dau. Bikotea mundu osoko areto eta jaialdietan ibili da 25 urteko ibilbidean, eta Getxoko zaleentzat be ez dira ezezagunak, 1999an jo ebelako, arrakasta handiagaz.
Orain arte 15 disko grabau ditue; azkenak, Road Dogs Life izenburukoak, abesti originalak eta The Rolling Stones eta The Beatlesen bersino bana batzen ditu. Aurreko diskoan lan akustiko arrakastatsua gauzatu ondoren, oraingoan doinu elektrikoak berreskuratu ditue eta sustraietara itzuli dira, road house bluesera, hain zuzen be, erritmo rockeroagoakaz.
Aurtengo Getxoko Nazinoarteko Blues Jaialdian Chicago Blues estiloa izango da protagonista saio nagusian. Berbarako, hilaren 19an, Chicago Blues: A Living History proiektua izango da jaialdi bizkaitarrean. Talde horretan, Chicagoko eszenako eragin handiko artistak batu dira: Billy Boy Arnold eta Billy Branch harmonika-jotzaileak eta John Primer, Lurrie Bell eta Carlos Johnson gitarra-jotzaileak. Saioa Algortako Biotz Alai plazan izango da, 21:00etan. Sarrea salmenta zabalik dago honezkero.