Ibilbide artistikoaren autormenari jagokon modalidadean Juan Luis Morazak jasoko dau aurtengo Gure Artea saria; Inazio Escuderok, sorkuntza lanean; eta ikusizko arteen arloan egindako lana saritzen dan arloan, Basauriko Kultur Etxeak emoten dauen Juan y Pablo de Otaola bekeak. Sari banaketa ekitaldia garagarrilean egingo da, Donostiako San Telmo Museoan.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Miren Jaio Gure Artea sarien 2014ko edizinoaren epaimahaiburuak ezagitarazo ditue irabazleen izenak, Donostian. Lehenengo modalidade bietako sarodunek, Morazak eta Escuderok, 25.000na euro jasoko ditue; eta, hirugarrenak, Juan y Pablo de Otaola bekeak, 15.000 euro. Sarion helburua egileen lana nabamendu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena autortzea da.
Miren Jaio arte kritikari eta Bulegoak z/b arte bulegoko kidea buru izan dauen epaimahaiko kideak izan dira June Crespo artistea eta 2013ko sariduna, Txuspo Poyo artistea, Ana Salaberia Donostiako Koldo Mitxelenako erakusketa aretoaren arduraduna eta Fernando Illana artista eta Trayecto Galeria programearen arduraduna.
Saridunak
Juan Luis Morazak (Gasteiz, 1960) eskulturearen arloa landu dau batez be. Baina eskulturearen barruan pinturea, objektuak, instalazinoak eta ikus-entzunezko sorkuntzak integretan ditu. Epaimahaiak, Morazaren lan oparoa saritu nahi izan dau. Bere lana hainbat erakusketatan aurkeztu izan da azkenengo 35 urteotan, bai etxean bai kanpoan. Juan Luis Moraza bere belaunaldiko artisten artean eragin handienetakoa eta nabarmenenetako dauka, adierazo dau epaimahaiak.
Inazio Escudero (Bilbo, 1972) Arte Ederretan lizentziadunada da, Ikus-entzunezko espezialidadea, EHUn. Bere lan artistikoak erakusketetan, performancetan eta bideo-emonaldietan egoten dira ikusgai. Epaimahaiak bere sorkuntzek, soinu, irudi nahiz performanceak erabiliz, ikusizko arteen arloa zabaldu eta astintzeko daben gaitasuna azpimarratu dau. Izaeraz erabat esperimentala izanda, bere jardunak ikus-entzunezko hizkuntzan performancearen esperientziak artikulau eta marrazteko ekarpen berezia egiten dauela dinoe epaimahaiko kideek.
Basauriko Kultur Etxeak banatzen dauen Juan y Pablo de Otaola bekea be saritu dabe, 25 urteko ibilbidean, hasten ari diran artisten lanari babesa erakusten egindako beharragaitik. Urtez urte, apaltasunez, baina eraginkortasun handiz, ekimen honek arlo publiko eta pribaduen arteko lankidetzea proiektu bat instituzionalizetea lortu dau, adierazo dau epaimahaiak.
1988an eta 1989an, Santiago Burutxaga Basauriko Kultur Etxeko zuzendari zala, Pablo Otaolak lankidetza ekonomikoa proposatu eurson, bere aitaren izena eroango eban ekitaldi bat sortzeko asmoz. Hasieratik, proposamenaren antolaketa Basauriko Kultur Etxearen kontu izan da, eta bekearen diru kopurua barriz, Pablo Otaolak hartu du bere kontu.